Oier Ariznabarretak zortzigarren bider jarraian irabazi du Sarako mendi lasterketa

Anboto 2022ko mar. 28a, 10:47

Oier Ariznabarreta podiumaren erdian Maite Maiorarekin.

Ander Iñarra eta Jan Margarit lako korrikalarien aurretik geratu da.

Iparraldeko Sara herrian Sara Korrika Trail mendi lasterketa lehiatu zuten asteburuan. 22 kilometroko lasterketan Oier Ariznabarreta izan zen onena. Korrikalari durangarrak zortzigarren bider jarraian irabazi du lasterketa hori. 2013tik honako aldi guztietan —urte bian ez da antolatu pandemiagatik— korrikalari durangarra igo da podiumaren gorenera. Bere lasterketa kuttuna da, sei bider irabazi duen Berakoagaz batera. Emakumeetan Maite Maiorak irabazi zuen.

Aurten ohi baino maila handiago egon da Saran. Ander Iñarra eta Jan Margarit lako izen handiek parte hartu dute. "Apur bat beldurtuta" joan zela onartu du Ariznabarretak, baina azkenean bete-beteko lasterketa irten zitzaion eta irabazi egin zuen.

Saran lasterketa borobilak irteten zaizkio beti. Zergatik? Lasterketako orografia oso ondo egokitzen delako Ariznabarretaren dohaietara eta dena korrika egiteko modukoa delako. Sevillako maratoia prestatzeko egindako entrenamendu saioek ere lagundu diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!