#0km

Momentuz, garraiolarien grebak ez dio gehiegi eragin Durangoko merkatu txikiari

Joseba Derteano 2022ko mar. 24a, 17:30

Durangon, Barrenkale kalean dagoen Castaños arraindegia.

Mostradoreetan ez da hutsune nabarmenik ikusten. Produktuen gertuko jatorria, Mercabilbao almazenen edukiera handia eta aurreikuspenekin jokatzea dira egoera hau azaltzen duten gako batzuk.

Garraiolarien grebak hamargarren eguna du gaur eta, momentuz, Durangoko merkatu txikiari ez dio gehiegi eragin, hainbat dendarik eta ostalarik ANBOTOri kontatu diotenez. Grebak aurrera jarraitzen badu, baliteke egoera beste bat izatea hemendik astebetera, "orduan berriro galdetu behar", diote, baina oraingoz ez dute mostradoreak produktuz betetzeko arazorik.

Gertuko produktuetan hornidura errazagoa

Produktuak zenbat eta gertuagotik ekarri, orduan eta arazo gutxiago dituzte. Distantzia laburretan hornidura errazagoa izaten ari da. Edorta Harategiko Edorta Albizurik dio berari ez zaiola "ia ezer" falta, eta horren arrazoia gertutasunean dagoela. "Produktuak Almeriatik ekarriko banitu beste kontu bat izango litzateke, baina nireak 40 kilometroren barrukoak dira, Oñatiko txahala, Zumaiako oilaskoa…". Gallastegi harategiak ere beteta du mostradorea ohiko haragiekin. Kontrara, apaletako produktu batzuk Kataluniatik eskatzen ditu (azukre eta txokolate ekologikoa…) eta azken eskaria oraindik ez zaio heldu, baina ez dago arduratuta. "Salmentei dagokionez, bigarren mailako produktuak dira", dio harategiko Juan Gallastegik.

Barrenkalen dagoen Castaños arraindegian ere ez dute salmahaia betetzeko arazorik. Grebak produktuen aniztasunean eragiten die. Asturiasetik eta Galiziatik egindako eskariak ez dira heltzen eta produktu horiek falta zaizkie, baina momentuz ondo moldatzen dira Ondarroatik eta Mercabilbaotik ekarritakoarekin, arraindegiko Encarna Horcajadak azaldu duenez.

Mercabilbaoren biltegiak

Mercabilbaon, elikagai galkorren banaketa zentroan, bertako biltegi erraldoiak askotariko produktuekin bete zituzten greba hasi aurretik eta komertzio txiki asko handik hornitzen dira. Artekale fruta dendan handik ekartzen dituzte produktuak, besteak beste. Salmahaian denetariko frutak dituzte, marka konkretu batzuk falta badira ere. Egoera berdinean dago Alfredo fruta denda. Eguna argitu orduko egiten du Mercabilbaorako joan-etorria Alfredo Atutxak. "Marka batzuetako frutak ez daude, baina bestela ez dut arazorik", dio.

Aurreikuspenekin jokatzearen garrantzia

Aurreikuspenekin jokatzea arazoak ekiditeko modua izan da komertzio batzuentzat, esaterako, Gozatu gozotegian. "Greba heldu zitekeela ikusi genuenean denetarik sobera eskatu genuen eta momentuz ondo gaude", azaldu du gozotegiko Rita Panaderok. Oliorik ere ez zaie falta.

Pol-Pol tabernan ere berdin jokatu zuten eta biltegiak ondo hornitu zituzten etorri zitekeenaren aurrean. Hala ere, une honetan, ardo marka batzuk falta zaizkiela onartu du bertako Fernando Cataldok eta zerbeza marka batzuk lortzeko arazoak izan ditzaketela hurrengo astean.

Amboto jatetxean, berriz, ez zaiela ezer falta eta momentuz denetarik dutela adierazi du Andres Lopez zerbitzariak. Horrelaxe dago, Gozo Txori gozoki denda ere. Gozokiekin ez dute hornidura arazorik une honetan. Datorren astetik aurrera, berriz, ikusi egin behar. "Madrileko hornitzaileek esan digute egoerak horrela jarraitzen badu beharbada datorren astean ezingo direla etorri. Zaragozakoek, aldiz, ez dute arazorik. Madrilen arazo gehiago dituzte hiritik irteteko", azaldu du gozoki dendako Feli Visadok. Asteburu honetan gauza bat faltako zaie: egunkariek eman ohi dituzten promoziorako erregaloak.

Azkenik, Oskarbi zapata dendan ere galdetu dugu egoera zein den. Denda asko dituen katea da eta Ordizian du bulego nagusia. Handik dendetara hornitzeko ez dute arazorik, baina biltegi zentralera ez da eskatutako guztia heltzen. Ondorioz, umeen eta nagusien zapata mota batzuk falta zaizkie, dendako Izaro Aranberrik azaldu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!