Aurtengo Ardo Saltsan jaialdiaren edizioa berezia izaten ari da. Egun seinalatu bakar bat barik, aste osoko egitaraua ari dira eskaintzen. Eta zelan gainera! Ardoa bai. Jakina. Edalontziak ardoz bete dituzte. Horixe baita jaialdiaren arima. Baina aurtengo edizioak jakin du bestelako urin eta zaporeak erakartzen. Ardo Saltsaneko kideek ondo dakitelako garai berrietara egokitzen eta publikorik zabalenarengana iristen. Egunotan dastaketa egin dute sake edari japoniarra lagun, eta teak zerbitzatzeko ikastaro berezia ere eskaini dute. Olajauregi hotelera bertaraturikoek gozatu ederra hartu dute gastronomiaren askotariko adarrak landuta.
Egitarauak bide erdia egin du, baina despentsan gorderiko jaki preziatuak lez, jaialdiak hainbat ekintza erakargarri izango ditu oraindik. Bapo-bapo egiteraino. Gaur bertan, adibidez, Eguen Saltsan berezia egingo dute. Iñaki Uribe sukaldariaren eskutik, ardo eta janari uztartzea egingo dute 20:30etatik aurrera. Bihar ardo dastaketa bat egingo dute eta musika saioa ere eskainiko dute 20:00etatik 21:30etara. Eta zelan ez. Azken urteotako ohiturari jarraituta, aurtengo edizio hau behar den bezala zarratuko dute. Jai batekin. Zapatuan haindik-hemendik ailegatutako upategien topaleku bilakatuko da Olajauregi hotela. Bertaratzen diren guztiek ardoak dastatu ahalko dituzte 20 euroan. Egitarauaren xehetasun guztiak ezagutzeko eta sarrerak eskuratzeko www.saltsan.com atarira jo daiteke.