"Gure jatorriari begiratzen hastea amets handi baten abiapuntua izan da"

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 23a, 17:37

Nasa hizkuntza komunitateko ordezkari bi Durangon egon dira arratsalde honetan. Haien hizkuntza eta kultura berreskuratzeko bilakaera zer nolakoa izaten ari den partekatu dute udal agintariekin. 

Kolonbiatik etorri dira. Cauca eskualdearen ipar partetik. Toribio izeneko herritik. Eta Euskal Herrira etorri dira Garabide gobernuz kanpoko erakundearen eskutik, euren hizkuntza eta kultura biziberritzeko formakuntza saioak jasotzera. Eta bide horretan, pausa bat. Bisita txiki bat durangarrei. Durangoko Udala 2013an hasi zelako nasa komunitatea biziberritzeko proiektua laguntzen. Eta, tartean, Durangaldeko herritarrak buru-belarri sartuta dabiltzalako. Adibidez, Andoni Barreña, Rosa Elizburu eta Arkaitz Zarraga. Gaurkoan, udal agintariek egin diete ongietorria. Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordea.

Kolonbiako nasa komunitateak duela hamarkada batzuk ekin zion bere hizkuntza eta kultura biziberritzeko lanari. Bidea "amets handi bat" izaten ari dela esan dute handik etorritako kideek. "Gure jatorriari begiratzen hastea amets handi bat hastea da" gaineratu dute. Herrialdea biziberritzeko lan hori hainbat planotan egiten ari dira. Batetik, hizkuntza berreskuratzeari dagokion arloan, "nasa hizkuntza ahozkotasunean oinarrituta egon delako orain arte". Bestetik, kultura berreskuratzeari dagokion arloa dago, haien nortasuna "indartu" gura baitute "autonomia bat izango duen komunitate gisa". Azkenik, emakumeak ahalduntzeko tresnetatik ere ikasi gura dute, "orain arte, emakumeek, bere horretan, ez dutelako espazio propiorik izan". "Ahalduntzen ari gara, gure hizkuntza gure familietan sartzeko. Gure umeekin lantzeko", esan dute nasa komunitateko kideek. Garabidek eskainitako formakuntza saioetan, nasatarrak eta mundu osotik ailegatutako beste 23 herritako edo hizkuntza minorizatutako kideak daude. Afrikakoak eta Amerikakoak denak.

Komunitate zabala

Andoni Barreñak adierazi duenez nasa komunitatea Kolonbiako bigarren komunitate indigena da herritar kopuruari dagokionez. "400.000 mila nasatar dago eta erdiak gutxi gorabehera nasatarrez mintzo dira. Haien lurraren azalera Euskal Herria baino zabalagoa da eta dialektoei dagokienez, euskaldunok baino errazago ulertzen dute elkar. Ez dago gramatika pedagogikorik. Metodologia eta liburu gutxi dago. Hizkuntzaren egitura, esaldien egitura, euskararen antzekoa da", azaldu du Barreñak. 

Indarkeria giroa

Dena den, nasa komunitateak zailtasunak ere baditu aurrera egiteko. Hango egoera ezegonkorra da, indarkeriaz beterikoa. Herrialdeko lider indigena ugari erail baitituzte azkenaldian. Barreñak dioenez, urtea hasi zenetik 24 lider politiko hil dituzte Cauca eskualdean. Euretako 8 Cauca iparraldean. Eta lider nasa esanguratsu bat Toribio herrian, duela egun gutxi: Miller Correa. "Lider indigenak dira asko, eragile sozialak, kultura eta hizkuntza babestea helburu dutenak", adierazi du Barreñak. Nasa komuniteko kideek, bestalde, hizkuntza eta kultura indarberritzeko lanetan jarraituko dutela berretsi dute. "Gurea kulturaren aldeko ekintza da", defendatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!