"Herritarrek ikusten dute hizkuntza dela nasa identitatea ematen diena"

Jone Guenetxea 2021ko ira. 17a, 09:30

Euskal Herriko zortzi lagunek nasa yuwe hizkuntzaren berreskurapenean dihardute Garabide gobernuz kanpoko erakundeagaz. Arkaitz Zarraga Azumendi, Rosa Elizburu Oianguren eta Andoni Barreña Agirrebeitia talde horretako Durangaldeko kideak dira. Kolonbian dabiltza horretan lanean, 34.000 bizilaguneko haran batean. Guztira, 400.000 pertsonak osatzen dute nasa komunitatea. Garabide elkarteak San Agustin kulturgunean antolatutako 'Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen' erakusketan (irailaren 30era arte zabalik, 18:00etatik 20:00etara) proiektuaren berri eman dute.

Zelan ipini zen martxan proiektua?
Andoni Barreña: 2011n, nasa komunitateko lagun bat Garabideko formakuntza saio batera etorri zen lehenengoz: Bibiana Gonzalez. Sasoi hartan, Garabidek ez zuen hartu-emanik eurekin. Bestalde, Mikel Landaburuk Kolonbian lan handia egin du hizkuntza indigenen alde. Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Garabidek hartu zezala berak izendaturiko pertsona bat talde hartan. Guk proiektua genuen Kolonbiako beste herri bategaz, eta, bide batez, Nasa herria bisitatzera joan ginen Mikel eta biok. Berehala igarri genuen interesgarria zela, organizazio indigenak berak 40 pertsona liberatuta zituelako hizkuntza sustatzeko. Baina eurekin elkartzerakoan konturatu ginen sustatzaile horiek ez zutela ezelango formakuntzarik. Hizkuntza zekiten pertsonak ziren, baina ez zekiten horretan idazten.

Egoera horretan, zelan eman zenituzten lehenengo pausoak?
Arkaitz Zarraga: Gurean, hizkuntzaren sustapena egin gura zuen jendeak bazituen ikasketa batzuk, nahiz eta gaztelaniaz izan. Seminarioetatik zetorren jendeak ikasketa maila altua zeukan. Magisteritza-ikasketak zituen. Nasa herriaren kasuan, hizkuntza baino ez zekiten.
Rosa Elizburu: Ni 2013an hasi nintzen. Urte horretan, bultzatzaile hauen formakuntzagaz hasi ginen. Hizkuntza zelan irakatsi daitekeen eskola batean, estrategiak ematen. Sustatzaile hauek bertako ikastetxeetara joaten ziren gela bakoitzari ordubeteko klasea ematera. Lan horretan laguntzen hasi nintzen. Urte hartan, asko abestu genuen eta jolas mordoa egin genituen. Sasoi hartan, Madres Comunitarias izeneko talde bat zegoen. Amak ziren eta  mendian zeuden ikastetxeetara joaten ziren nasa yuwez berba egitera.

Instituzioen laguntza jaso duzue.
A.B.: Durangoko Udalak hasieratik babestu du proiektua. Baldintza zen proiektu horretan Durangoko jendeak edo Durangoko ikastetxeetako irakasleek parte hartu behar dutela.
R.E.: 2013an, Andoni, Rosa Mintegi eta hirurok hara joan ginen. Urte horretan pauso garrantzitsua eman zuten. El Manzanon euren ikastetxe propioa sortu zuten.

Bidaia horiek bereziak izango dira.
R.E.: Joaten garen bakoitzean erritual bat egiten dugu. Uretatik pasatu behar zara. Edo errekako uretatik edo eurek botatakotik. Armonizazio erritual bat da.
A.Z.: Naturagaz eta espirituekin armonizatzeko da. Koka orriak ere mastekatzen dira, txistua errekara botatzen da... Garbitu egiten zara. Une mistiko bat dago hor, sinisduna izan zein ez. Thë'jwalak irakurtzen ditu bertan gertatzen diren naturaren fenomenoak.

Inguru horretan gatazka handiak bizi dituzte.
A. B.: Eskualde hori narkotrafikoz inguratuta dago. Marihuana landareak eta koka dituzte. Bake prozesuaren ostean, hori hazi egin da.

Igarri da bake prozesuaren eragina?
A.Z.: 2013-2014ra arte borroka asko zegoen. Bonba-autobus bat ipini zuten eta sarraski handia gertatu zen. Indigenak eta FARC borrokan egon dira beti. Indigenek badute euren guardia indigena, eta makilekin egoten dira mendian lurraldea zaintzen. Beraz, FARCekoak eta armada ezin dira lurralde horretan sartu. 2014an, FARCekoek indigena bi hil zituzten. Herriko indigena pila bat igo ziren eta FARCekoak atxilotu zituzten. Herrira jaitsi ziren eta han justizia eurena denez, herriko plazan epaitu zituzten.
A.B.: Une horretan herrian geunden, baina handik atera gintuzten.
A.Z.: 2016-2017an bake prozesua hasi zen. 2017an igarri genuen etxeetan konponketak egiten hasi zirela. Ikusi genuen jendeak ilusioa zuela euren bizitza egonkortzeko.
A.B.: Arazoa etorri da FARCeko disidenteak narkotrafikoagaz lotu direnean.
A.Z.: Aurten ikusi dugu egoera oso gogorra dela. Hilketa asko izan da.
R.E.: Aurten, lehenengoz, ezin izan gara inora ere bakarrik joan.
A.Z.: Erakunde indigenek badute kanpaina bat drogen kontra, kafea eta horrelakoak lantzeko. Baina gatxa da, dirua ematen duena beste gauza bat bada.

Erakundeen aldetik, zein egitura dute?
A.B.: Estatuaren egitura udala da. Eta indigenek autonomia eta diru bat dute hezkuntza eta osasuna sustatzeko, lurraldea zaintzeko eta justiziarako. Guk, batez ere, erakunde indigenekin dugu hartu-emana.

Zein arlotan zabiltzate lanean?
A.B.: Hiru lerrotan gabiltza. Hasieran, Durangoko udalaren diru laguntzagaz joan ginen. 2013tik 2017ra, formakuntzak nahiko puntualak izan ziren, gure oporraldietan, batez ere bi indargunetan.
R.E.: Sortu zituzten eskola horien hezkuntza proiektua nondik nora joan behar zen landu genuen. Bigarren urtean, 2014an, bigarren eskola sortu zen eta langile eta irakasleekin jardun genuen. Egun bateko antolaketaz gainera, hezkuntza proiektu osoaren zutabeak lantzen ibili ginen. Materialak zelan sortu, zelan erabili...
A.B.: Ulertu behar da bazutela euren alfabetoa, baina ez zutela hizkuntza horretan idazten.
R.E.: Irakasleak ere ez zeuden trebatuta sasoi horretan. Gaur egun, irakasle-ikasketak dituzte. Beraz, orain beste puntu batetik ekiten diogu. Baina, sasoi hartan, oinarritik hasi ginen.
A.B.: Mugimendu indigenak kudeatzen du hezkuntza sistema. PEBI deitzen da. Gaztelaniaz da eta astean ordu bi ematen dituzte nasa yuweraz. Horregaitik jaio ziren wasak eskolak, hemengo ikastolen antzekoak.

Arkaitz, zuk zein arlotan diharduzu?
A.Z.: Helduentzako eskolak ematen zituzten sustatzaileak trebatzen hasi nintzen. Gertatzen dena da ez badute idatzizkorik, helduen munduari dagokiola idatzizko eredua sortzea. Jende askok ematen zuen izena ikasteko, baina ez zeukaten didaktikarik. Esate baterako, loreen edo animalien izenak irakasten zizkieten. Metodologia bat aplikatu eta material batzuk sortzeaz batera irakasteko prozedura batzuk ezarri zitezkeen. Kontuan hartu behar da sustatzaile hauek ez zekitela gramatika. Horiei irakasle izaten erakustea guk euren hizkuntza ezagutu barik erronka handia da. Konturatu ginen euren hizkuntza ez ezagutzea abantaila bat izan zitekeela, eurek hartu behar dutelako hizkuntzaren nolakotasunaren ardura. Unitate batzuk sortu ditugu. Europako erreferentzia markoa erabili dugu, baina garrantzitsua da euren kosmobisiora eta errealitatera egokitu behar dutela.

Euskal Herrian euskara batua hartu zen oinarri modura. Han badute horrelako ezer? Egin dute horrelako gogoetarik?
R.E.: Orain sortzen ari da gogoeta hori. Materiala sortzerakoan, gauza batzuk adostu egin behar direla konturatu dira, batez ere idazterako orduan.
A.B.: Hirugarren lerroa ere badugu. Sustatzaile horiek kontzientziatuta zeuden, baina hezkuntza, osasun edo justizia arloetakoak ez. Orduan, hartu-eman instituzionalak lantzen hasi ginen. Plangintza bat beharrezkoa zela konturatu ginen. 2016an salto kualitatibo bat izan genuen. Hango hizkuntza erakunde bateko zuzendaria gure alde ipintzea lortu genuen. Hitzarmena sinatu genuen. Horrela, formakuntza saio sakonagoak jende gehiagorentzat egin ditugu.
A.Z.: Lehenengo, hezkuntza izan zen, murgiltze-eskolak, helduen eskolak, eta gero etorri zen plangintza. Horrela, dibertsifikazio handiagoa etorri zen. Komunikabideak, itzulpengintza... Irakasle batzuek gaztelaniazko eskoletan nasa yuwe klaseak ematen zituzten ordu batzuetan, ezelango irizpiderik barik. Orain hori aldatzea lortu da. Eskola horietan ere beharrizana ikusi dute eta murgiltzerako pausoa ematen dabiltza. Prozesu honetan guztian zerbait ikusi badut, jendearen harrotasuna da. Lehenengo urtean, kalean galdetu eta jendeak ukatu egiten zuen hiztuna zela, nasa yuweraz berba egiten zuela. Orain harrotasunez esaten dute hiztunak direla. Badago herri gogo bat hizkuntza berreskuratzeko. Herritarrek ikusten dute hizkuntza dela, neurri handi batean, nasa identitatea ematen diena. Paraleloki badaude beste arazo batzuk, emakumeen egoera edo mestizajearena... Oraindino badago nasa izatea odolagaz lotzen duenik. Eta odoletik hizkuntzara jotzen ari dira.
R.E.: Sei edo zazpi dira sortutako euren eskolak, wasakak. Bertako ikasleak LH1., 2. eta 3. mailetara heltzen ari dira eta horientzako materialak prestatu behar dira. Gertatzen ari da gaztelaniazko ikastetxeek ikusi dutela wasakak badatozela indartsu eta nasa yuwe berba egiten duten umeak ere badituztela. Gizartean sentsibilizazio hori handitzen doa. Horregaitik eskola hauek ere elebitasunera jo dute. Hemen kokatzen da gure aurtengo proiektua, hain zuzen ere, LH 1. mailako ikasleentzako nasa yuwe irakasteko materialak prestatzea. Datorren urtean 2. mailarako... horrela etapa osorako. 

Zelan baloratzen duzue nasa yuwe hizkuntzaren berreskurapenean egindako lana? Kolaborazio honek zer eman dizue zuei?
R.E.: Ni hasi nintzenetik momentu honetara pauso asko eman da. Ikastetxeak sortzea eta beste eskoletan ere beharrizan hori ikustea aurrerapausoa da. Gurasoak ere bultzaka dabiltza horretan. Hasierako urteetatik hona bidea zabaltzen dabil. Gurasoek askotan mahaigaineratzen dituzten kezkek nire lehenengo ikastoletako pausoak gogorarazten dizkidate. Guraso erdaldunek galdetzen ziguten umeek euskaraz ikasiz gero eurek ezingo zietela lagundu. Horrelako galderak han ere ikusten ditut.
A.B.: Hemengo kooperazio politikagaz dudan kezka bat planteatu gura nuke. Bai gobernuak, bai diputazioak, bai udalek... horrelako proiektu bat sustatzeko duten konpromisoa ezin da urtebeterako hartu. Gutxienez, 10-15 urterako izan behar da, prozesuak horrelakoak direlako. Gobernuz kanpoko erakundeok zoratu egiten gara urtero hitzarmenak berrizten. Hizkuntza kooperazioa funtsezkotzat hartu beharko litzateke. Orain diru laguntzarik barik geratuko bagina, hau guztia bertan behera geratuko litzateke. Eurek bakarrik jarraitu beharko lukete, euren kontura. Eta uste dut oraindino laguntza minimo bat behar dutela kanpotik. Horrez gainera, kanpotik guk ere zer ikasten dugun nabarmenduko nuke.
A.Z.: Txikia nintzeneko ilusio hori, proiektu baten parte zarela sentitzea berreskuratzen lagundu dit. Ez gara txiki bakarrak. Gu hara joateak ere badu puntu egoista bat. Txiki asko bagoaz, bizirik irauteko aukera gehiago izango dugu. Bestalde, lezio asko eman dizkigute gure egozentrismotik irteteko. Euskararena prozesu azkarra izan da, munduaren erakusgarri. Debekutik eta ezkututik bizitzaren esparru guztietara zabaldu da euskara. Baina batzuek hori aldatu egin gura izan dute eta orain ematen du euskara inposatuta dagoela. Hor transmisio arazoa izan dugu. Kanpora begira, euskaragaz egindako ibilbidea transmititu dugu, baina gure gazteen artean barrura begira gehiago egin beharko genuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!