Omenaldia Benita Uribarrena duen parkean egitekoa zen, baina Etxezarreta Jauregira tokialdatu dute euriagatik. Askotariko elkartetako eta erakundetako ordezkariak batu dira bertan.
Maria Gorosarri EHUko irakasleak eta Durango 1936 kultur elkarteko kideak gidatu du ekimena. Omenduaren berri lehenengoz noiz eta zelan izan zuten kontatu eta Uribarrenaren alaba den Marina Fuster-ek bidalitako gutuna irakurri du.
Ondoren Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak hartu dute hitza. "Emakume eredugarria izan zen, kemena eta konpromisoa erakutsi zituen eta garrantzitsua da bere oroimenak gu guztiongan bizirik irautea", adierazi du Garrastatxuk. "Bere idealekin justizia defendatu zuen eta zapalkuntzaren kontra altxatu zen. Gaurkoa emakume handi bati eskainitako ekitaldi xumea da", adierazi du Riosek.
Ondoren, Kristina Mardaras bertsolariak hainbat bertso kantatu dizkio Uribarrenari eta Kriskitin Dantza Taldeko dantzari bik Agurra eskaini diote. Gehi Zazpi taldeak, berriz, ekitaldi osoa bere musikarekin girotu du.
Omenaldia kalean amaitu dute, omenduaren izena daraman parkean. Han, Uribarrenaren alabak Frantziatik bidalitako lore sorta bat utzi dute bere plakaren ondoan.