“Benita Uribarrena Euskal Herriko borroka antifaxistatik Europako erresistentziara salto egin zuen lehenengo erresistentea izan zen”

Anboto 2022ko mar. 14a, 09:21

Benita Uribarrena borrokalari antifaxista durangarra omenduko dute haren jaiotzaren mendeurrenean. Maria Gorosarri Durango 1936 kultur elkarteko kideak aurkeztuko du ekitaldia martxoaren 16an 18:00etarako antolatu den ekitaldian. Frantziako erresistentzian ere parte hartu zuen Bigarren Mundu Gerran, eta hori dela eta, kondekoratu egin zuten.

Zelan ezagutu zenuen Benita Uribarrenaren istorioa?
Uda batez Alemanian ikertzen nenbilela, B. Uribarrena Bollaín izena aurkitu nuen emakume antifaxistei buruzko liburu batean. Bertan zioenez, durangarra zen. Durango 1936 elkartetik pentsatu genuen pertsona hori nor zen jakin behar  genuela. Jakin gura genuen urte tarte horretan zer gertatu zen. Jose Anjel Orobiourrutia Durangoko artxiboko arduradunagaz begiratu genuen B. Uribarrena Bollaín nor zen. Gerra aurreko erroldan agertzen zen, baina gerra ostekoan bere familia ez zen agertzen. Horrela jakin genuen ez zirela bueltatu. Baina familia osoaren izenak lortu genituen. Beraz, Euskal  Herriko borroka antifaxistatik Europako erresistentzia antifaxistara salto egin zuen lehenengo erresistentea izan zela konturatu ginen.

Zelan identifikatu zenuten bere familia?
Benitaren loba bat topatu genuen eta haren alabagaz hartu-emanetan ipiniko gintuela esan zigun. Ordurako jakin genuen Benitaren familia osoak erresistentzia antifaxistan jardun zuela. Eurek ere herrimina zuten eta familiaren istorioa idatzita eta dokumentatuta zuten. Honen bitartez, Frantzian bizitzen geratu zen beste familia baten istorioa ere ezagutu genuen.

Zelakoa izan zen Uribarrenaren bizitza?
Uribarrena-Bollaín familiaren inflexio puntua 1934ko greba izan zen. Grebari eta iraultzari errepresioz erantzun zieten, eta bere aita errekara sarrarazi zuten, gauez. Horren ondorioz, pneumoniagaz hil zen. Durangon egin zen lehenengo ehorzketa zibila berea izan zen. Aitaren beste familiagaz eten egin zen hartu-emana eta ordutik aurrera ama eta seme-alabak geratu ziren. Frantziara ebakuatu zituzten. Hara heldutakoan, hemen geratu ziren borrokalariei babesa ematen jarraitu zuten eta 1940an naziek Frantzia okupatzerakoan, han ere erresistente legez jardun zuten. Sasoi hartan, estatuko jendeari irteten lagundu zioten.

Zelan laguntzen zieten hemengoei?
Benita Irunetik estatura sartzen zen, eta irten behar zuen gizonaren emaztearen papera egiten zuen. Behin, trenean zihoala, parean zuena guardia zibila zen. Benitari galdetu zion ea nongoa zen, eta, Durangokoa zela erantzuterakoan, guardia zibilak esan zion bera Durangon destinatuta zegoela. Unai Iturriagak estualdi horri buruzko komikia egin zuen. Beste momentu batean, Benita atxilotu egin zuten eta leihotik irtenda ihes egin zuen. Leporatu gura zizkioten karguak saihesteko, aldean zeramatzan paperak jan egin zituen. Estualdi larriak pasatu zituen bere bizitza salbatu ahal izateko.

Noiz bueltatu zen Durangora?
Benita beste erresistente bategaz ezkondu zen, Armando Fusterregaz. Valentziakoa zen. Bidaia bat egin zuten eta Durangotik pasatzeko eskatu zuen. Bere etxea izandakotik, eta Ezkurdiko kioskoaren lekutik pasatu zen. Goizean bakarrik egon ahal izan zen, gizona gaixotu egin zen eta. Bitxia da Durango zelan gogoratzen zuen. Ezkurdiko plaza ingurua margotzen zuen. Erretratuak ateratzeko, koadro hori atzean ipini gura izaten zuen.

'Benita la periodista' esaten zioten.
Sasoi hartan irakurtzen zekien andra bakarrenetarikoa izango zen. Egunkariak saldu eta irakurri egiten zituen. Familiakoek kontatzen dute errepublika aldarrikatu zenean Benita bera albiste hori kontatzen ibili zela, egunkariak saltzen zituen lekuan. Kontatzen dute gaua txakurtegian eman zuela. Imajinatzen dut oraindik ez zegoelako emakumeentzako kartzelarik.

Marina Fuster alaba Benitari egindako omenaldira etorri zen, 2012an.
Marina eta bere senarra oso emozionatuta etorri ziren. Parkea inauguratu zenean, jendea hainbat lekutatik etorri zen. Frantziako Tolosatik, Ipar Kataluniatiuk, Bartzelonatik eta Madrildik. Denak Durangon elkartu ziren lehenengoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!