Durangoko EAJk dio botoa ematera deiturikoen %5,2ak "bakarrik" babestu duela aurreakordioa

Anboto 2022ko mar. 15a, 16:34

Aurreakordioak bozketan izan duen "babes baxua" dela eta, jeltzaleek esan dute herritarrek haiei eman dietela arrazoia.

Durangoko EAJ kritiko agertu da PERIaren aurreakordioa baliozkotzeko galdeketarekin. 1.298 herritarrek egin dute Udalak eta Jaurlaritzak lorturiko aurre akordioaren alde, baina jeltzaleen iritziz, agerian geratu da proposamenarekiko "babes baxua", botoa ematera deituriko herritarren %6,3ak "bakarrik" babestu duelako aurre akordioa. Hori dela eta, jeltzaleek diote emaitzek "arrazoia" ematen dietela haiei, herritarrek bozketa "antzerkia dela" uste dutelako. “Oso larria iruditzen zaigu aurreakordioa baliozkotu nahi izatea, hain babes baxuko portzentaje batekin, Durangoren etorkizunerako hain garrantzitsua den gai batean” azaldu du Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak. 

"Irregulartasunak"

Bestalde, jeltzaleek kritikatu dute prozesuan zehar "irregulartasunak" eta "epez kanpoko botoak" egon direla. Hori dela eta, parte hartze prozesuari buruzko txostena eskatu dute udaletxean. Besteak beste, honako informazio hau eskatu dute:  irregulartasunak konpontzeko hartutako neurriak; bozketa-itxieraren data eta ordua eta boto baliodunak, baliogabeak edo baliogabetuak eman dituzten pertsona guztien emaitza. Azkenik, EAJk esan du aurre akordioaren alternatiba bat lantzeko proiektua garatzen ari dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!