Botoa eman duten durangarren %83ak PERIaren aurre akordioa babestu du

Anboto 2022ko mar. 15a, 11:38

Bozketan 1.557 durangarrek parte hartu dute eta 1.298k egin dute Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lorturiko akordiorako oinarriaren alde. Kontrako botoak 231 izan dira (botoen %14,8) eta zuriak 28 (%1,8).

Barikuan bukatu zen Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren arteko aurre akordioa baliozkotzeko bozketa, eta, gaur, udalak bozketa horren emaitzak jakinarazi ditu. Udal iturrien arabera, 1.557 herritarrek parte hartu dute bozketan. Emaitzak honakoak dira: 1.298 herritarrek (botoen %83,4) aurre akordioa babestu dute; 231k aurre akordioa baztertu dute (%14,8), eta zuri bozkatu dutenak 28 izan dira (%1,8). Hemendik aurrera, alde biek hitzarmena egiteko prozedurari jarraituko diote.

"Duela urtebetera arte, Durango erdian 18 pisuko bost munstro eraikitzeko proiektu bat genuen. Urte bakar batean Durangoko historiaren lehen udal kontsulta egitea, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzea, proiektu sozialago baterako aurreakordioa lortzea eta, azkenik, herritarrek berrestea lortu dugu. Duela urtebete bakarrik, herritarrek agindu argi bat helarazi ziguten erakundeei, 18 solairuko bost dorreak atzean uzteko alternatiba bideragarri bat bilatzea, eta lortu dugu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak. “Oposizioaren aldetik entzuten genuen 266 milioi euro ordaindu beharko genituela kalte ordainetan, eta beharrezkoa zela erakundeen arteko akordioak lortzea. Bada, urte bakar batean lortu dugu, eta herritarren babesarekin egin dugu", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!