Durangoko Udalak bilera bana eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Iurretako Udalari. Jaurlaritzari galdetuko diona da ea "zer neurri hartuko dituen 12 hilabeteetako bentzenoaren batez bestekoa legeak baimendurikoa baino handiagoa dela baieztatu ondoren". Iurretako Udalari, bestalde, Tecnaliak 2020an kaleratutako txostenean jasotako "emaitzen berri" eman gura dio. Bentzeno tontorren jatorria Iurretan dagoelakoan, Durangoko Udalak lankidetza eskaini dio Iurretakoari.
Durangoko udal agintariek diotenez, ezin dute gehiago itxaron. "Urte asko daramatzagu neurriak eskatzen eta Eusko Jaurlaritzak ez digu entzun gura. Oposizioan geundenean dena ondo zihoala esaten ziguten. Gobernura iritsi ginenean azterketa propioa egin behar izan genuenn non argi ikusi baitzen bentzeno piko oso altuak jasan genituela", adierazi du udalak oharrean. "Egiaztatu behar izan dugu azken 12 hilabeteetan arnastu dugun bentzeno maila legeak baimendurikoa baino handiagoa dela. Lehenbailehen hartu behar dira neurriak", gaineratu dute.
Ekintza Planaren azterketa
Bestalde, Durangoko Udalak jakinarazi du egunotan herriko fundizio batekin batu dela lantegi horren Ekintza Planaren azterketa egiteko. "Azken hilabeteetan hartu diren neurriak bertatik bertara" ezagutu gura dituzte, "sortzen ari den aztarna murrizteko Ekintza Planaren jarraipena egiteko". Halaber, Jaurlaritzari eskaini dio galdategi horren azterketa "modu bateratuan" egitea.