Durangoko Udalak eman du datua: udalerriko airean kontzentratutako bentzeno-mailak Europak markatutako eta Espainiako estatuak aplikatutako muga pasatu zuen iaz. Eusko Jaurlaritzak Konposatu Organiko Lurrunkorren azterketa egin zuen herrian, 2020ko azaroaren eta 2022ko urtarrilaren artean, eta azterketa horren datuak helarazi dizkio Durangoko Udalari. Udalak dioenez, urtarrilaren 24an jaso zuen dokumentua. Aitor Larruzea udaleko ingurumen teknikariak eta gobernu taldeak datuak aztertu dituzte, eta bertan ikusi dute bentzeno mailak legeak baimendutako mugak igaro dituela. Gobernu taldeak datu hori "ezkutatzea" leporatu dio Jaurlaritzari, "orain arte arazorik ez dagoela esaten ibili denean".
Ingurumen Sailak egindako eta Durangoko Udalak eskuratutako dokumentu horrek datu gehiago ere utzi du. Adibidez, test kopuruak. Konposatu Organiko Lurrunkorrak neurtzeko testak 2021eko 364 egunetan egin zituzten. Eguneko, 15 test. Eta azterketak ondorioztatu duenez, urteko egunen %19an igaro zen bentzeno-muga. Horrez gainera, 133 mikrogramoko isurketa-pikoak ere neurtu zituzten. Bestalde, bentzeno emisioen %61 gauez isuri zen. Aitor Larruzea ingurumen teknikariaren berbetan "prozesu industrialetan" egon daiteke emisio horien jatorria.
Durangoko Udalak dioenez, Jaurlaritzak helarazitako dokumentuak ez dio isurkinen sorburuari loturiko informaziorik eskaintzen, baina gobernu taldeko kideek berretsi egin dute emisioen jatorria Iurreta aldean dagoela. Tecnalia ikerketa etxeak udalarentzat egindako ikerketa aipatu dute.
Jorge Varela zinegotziaren berbetan, egoera "kezkatzeko modukoa" da. "Jaurlaritzak esan digu ez dagoela arazorik. Alarmistak garela esan eta entzungor egin digute. Gaia serio hartzea eskatzen diegu, Jaurlaritzak baitu Ingurumena kudeatzeko eskuduntza", adierazi du Varelak. Aritz Bravo zinegotziak ere ildo beretik baloratu du datua. "Oso larritzat" jo ditu kopuruak. "Airearen kalitatea txarra da bentzeno mailari dagokionez. Datu hauek ezkutatu edo estali izana oso salagarria da", esan du. Jaurlaritza deitu dute isurien jatorria ikertzera eta arazoari konponbidea ematera. Bilera bat egin gura dute Ingurumen Sailagaz.