Durangoko Udalak Kobika jatetxeko Iñigo Kortabitarteren showcooking-a antolatu du larunbat honetarako Merkatu Plazan

Anboto 2022ko mar. 11a, 09:29

Kobika jatetxeko Kortabitarte sukaldariak bere errezeta ezberdinak sukaldatuko ditu jendeaurrean 11:00etatik aurrera

Durangoko merkatuan ospatuko den zuzeneko showcooking-ean parte hartuko du Iñigo Kortabitarte Kobika jatetxeko sukaldariak larunbat honetan. Bertan, bi errezeta sukaldatuko ditu eta Durangoko herritar guztiak ekitaldia zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta ordu bete iraungo du. Amaieran, ekitaldian egon diren herritarren artean, Kobika jatetxean bi pertsonentzako bazkari bat zozketatuko da. Zozketan parte hartzeko, ekitaldiaren hasieran banatuko diren errezetan izen eman beharko da, adinez nagusia izatea beharrezkoa izango da eta irabazlea izendatzerakoan bertan egotea ere derrigorrezkoa da, udalak ohar batean azaldu duenez.

Eguraldiaren arabera ekitaldiaren kokalekuan aldaketak egongo dira. Eguraldi ona egiten badu merkatuaren kanpoan kokatuko da Iñigo Kortabitarte sukaldaria. Bestalde, eguraldi txarra egiten badu merkatuaren barruan izango da ekitaldia.

Egitasmoa Durangoko Merkatua sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen da. Duela hilabete batzuetatik ekintza ezberdinak antolatzen dihardu Durangoko Udalak, esaterako, ‘Sukaldaritza Sortzen’ egitasmoa, dastaketa saioak ala ekoizleen bisitak, besteak beste. Datozen asteetan, gainera, hainbat berritasun egongo dira.

“Behin Esperientziaren Diseinua bukatu eta erabiltzaileei aurkeztu ostean, Merkatu berriaren aurreproiektuarekin hasi gara. Asmoa da lanekin 2023an hastea, uste baitugu erabiltzaileek zein ekoizle eta negozio txikiek merkatu duin bat izatea merezi dutela”, adierazi dute Iker Urkiza eta Jorge Varelak.

Azaroan hasita, hilero sukaldaritzako tailer bat antolatu da Durangoko merkatuan herriko haurrentzako zuzenduta. Oraingoan, ekitaldiekin amaitzeko haurrez gain helduek ere sukaldaritzaz gozatzeko helburuarekin showcooking ireki bat egitea erabaki da, zuzenean bi errezeta nola egiten diren ikasi ahal izateko. Sukaldaritzako ekitaldi hauen helburu nagusia Durangoko merkatua berpiztea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!