Durangoko Udalak egitasmo berri bat aurkeztu du baserritarren merkatua eta hornidura merkatua biziberritzen jarraitzeko: Sukaldaritza Sortzen. Zapatu honetatik aurrera, hilean behin, sukaldaritza saio parte hartzaileak egingo dituzte baserritarren merkatuan. Saio bakoitza herriko sukaldariek, ostalariek eta gozogileek gidatuko dute. Tartean egongo dira Saltsan Katering establezimenduko Iñaki Uribe, Amalur tabernako Jon Biota, Kobika jatetxeko Kortabitarte anaiak eta Gozatu gozotegiko Karmele Elexpuru. Horrenbestez, saioetan izena ematen duten durangarrek tokiko produktuak ezagutzeko eta herriko sukaldariekin kozinatzeko aukera izango dute. Saio bakoitzean 15-20 bat herritarrek parte hartuko dute. Umeek, nerabeek eta gurasoek nagusiki. Baina egongo da herritar guztiei zabaldutako saio bat ere. Saio guztiak 10:00ean hasiko dira.
Udal agintarien berbetan, egitasmoak baserritarren azoka eta hornidura merkatua bultzatzea du helburu. Bestalde, Sukaldaritza Sortzen proiektuko zuzendaria den Mario Vera donostiarrak tailerretan transmitituko diren baloreak goraipatu ditu. "Tokiko ekoizleak, produktuak, eta kontsumo jasangarria" sustatuko dira, Veraren berbetan.
SAIOEN EGITARAUA ETA IZEN EMATEA
Saio bakoitzean parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea. Segidan, saio bakoitzaren xehetasunak, egutegiak eta izena eman ahal izateko loturak:
Azaroaren 27a
- Sukaldaria: Iñaki Uribe (Saltsan Katering)
- Nori zuzendua: 8-11 urte bitarteko umeentzat eta euren gurasoentzat
- Izena emateko lotura, hemen
Abenduaren 18a
- Sukaldaria: Jon Biota (Amalur taberna)
- Nori zuzendua: 12-17 urte bitarteko nerabeentzat eta euren gurasoentzat
- Izena emateko esteka, abenduaren 13tik aurrera, hemen
Urtarrilak 15
- Jardunaldia zehazteke.
Otsailaren 12a
- Gozogilea: Karmele Elexpe (Gozatu)
- Nori zuzendua: 8-11 urte bitarteko umeentzat eta euren gurasoentzat
- Izena emateko lotura, otsailaren 7tik aurrera, hemen
Martxoaren 12a (Showcooking)
- Sukaldariak: Kortabitarte anaiak (Kobika jatetxea)
- Nori zuzendua: publiko orokorrari
- Izena emateko lotura, martxoaren 7tik aurrera, hemen