Zubiaren kokaleku berria zein izango zen. Galdera hori airean egon da gaurdaino. Baina eguerdi honetan, Durangoko Udalak kokaleku berria jakinarazi du: Deabruaren Zubia egungo kokalekutik kendu eta Zuhatzolako parkera eramango dute. Erabaki hori URAgaz hitzartutako akordioan oinarrituta hartu dute. Izan ere, iazko ekainean, udalak eta URAk akordioa lortu zuten Arripausuetako ondarea botatzea saihesteko. Itun haren arabera, Deabruaren Zubia harririk harri deseraiki eta beste norabait eramatea erabaki zuten. Zubia datozen orduetan kenduko dute, gerora, URAk Ibaizabal ibaiaren uholde arriskua jaisteko lanak egin ditzan. Lanok Durangoko, Iurretako eta Abadiñoko ibilguan egingo dituzte.
“EAJk eta PSE-EEk osatutako aurreko gobernu-taldeak Deabruaren Zubia, pasabidea eta Arripausuetako presa eraisteari baiezkoa adierazi zion URAri. Izan ere, gobernatzera sartu ginenetik 15 egunetara ondare hori guztia eraisteko dokumentu bat jaso genuen. Ordutik, gure ondarea zainduko duen eta uholde-arriskua gutxitzen lagunduko duen irtenbide bat emateko lan egin dugu”, adierazi dute udal arduradunek. Akordio hartan jasotako beste puntu batek dio, presaren erdia bota eta beste erdia mantenduko dutela. Bestalde, Ibaizabal ibaiaren gaineko pasabidea bere horretan utziko dute.