Halantxik jakinarazi du Durangoko Udalak. Arripausuetako ondarearen zati handi batek zutik jarraituko duela aurrerantzean, nahiz eta parte bat bota egingo duten. Udalak azaldu du urte biko negoziazio bileren ostean akordioa lortu duela URA agentziagaz, eta ondare guztia bota barik zati bat mantentze adostu duela. Adostasun horren emaitza honako hau da: Bat. 'Deabruaren Zubia' lez ezagutzen dena "harriz harri" deseraiki eta beste leku batean berreraikiko dute. Udalak, oraingoz, ez du kokapen berriari buruzko xehetasunik eman. Bi. Presaren erdiak zutik jarraituko du. Hain zuzen, Durangoko lurretan kokatutako zatiak. Beste zatia, Iurretako eremuan dagoena, bota egingo dute, Durangoko Udalak aurreratu duenez. Eta hiru. Ibaizabal gaineko pasabidea bere horretan utziko dute. Hau guztia uholde-arriskuak ekiditeko negoziazio baten emaitza dela argitu du Durangoko Udalak.
Azalpenak herritarren aurrean
Durangoko udal ordezkariak herritarregaz batu dira iluntze honetan. Arripausuetako ondareari buruzko egoera eta akordioa itxi arteko bidea zer nolakoa izan den azaldu dute. Ima Garrastatxu alkateak jakinarazi du legegintzaldia hasi eta "hamabost egunera" jaso zuela Arripausuetako ondarea bota ahal izateko lizentzia eskaria. "Uko" egin ziola esan du, eta gaineratu du "uholde arriskuari" beste irtenbide bat topatzeko lanean hasi zirela. "Gure lana URA konbentzitzea izan da, ondarea salbatu dezan", esan du. Bestalde, aurreko gobernu taldeari egotzi diote Deabruaren Zubia, presa eta pasabidea "eraisteko" URArekin batera lan egitea.
Udalak dio uholde-arriskuak murriztearen eta ondarea babestearen arteko "oreka" lortu duela akordioagaz, eta gaineratu du aurrera begira ildo horretan lan egiten jarraituko duela.