Durangoko Udalak herritarrei galdetuko die ea tren geltoki zaharraren inguruan lortutako akordiorako oinarriagaz aurrera egin gura duten ala atzera egin gura duten. Udalak martxoaren 1etik 11ra bitartean egingo du galdeketa, eta herritarrak deitu ditu partehartu.durango.eus atariaren bitartez edo modu presentzialean parte hartzera. Durangarrek galdera zehatz honi erantzun beharko diote: "Ados al zaude Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak PERI Ferrocarril deiturikoaren baitan lortutako aurre akordioarekin?". Erantzunen artean, baietza ala ezetza.
Dena dela, udal gobernu taldeko kideek akordiorako oinarria goretsi dute. Gogoratu dutenez, horri eskerrak "ez dira 18 solairuko bost dorreak eraikiko", berdeguneak "%20" haziko dira, "Babes Ofizialeko 240 Etxebizitza" ipiniko dituzte alokairuan, eta "Pinondo Etxea eta San Agustingo ospitale zaharre bazterkeria egoeran dauden Durangaldeko herritarren beharrizanetara" egokituko dituzte.
Akordiorako oinarria balekotzat jotzeko galdeketa hau, iazko herri galdeketatik hona urte bat betetzear denean dator. Udal agintariek bide telematikoak eta bide presentzialak ipini dituzte botoak jasotzeko. Ohi bezala, botoa emateko ezinbestekoa izango da Durangon erroldatuta egotea eta botoa emateko beharrezko baldintzak betetzea.
Botoa modu telematikoan emateko: martxoaren 1etik 11ra partehartu.durango.eus web orrian.
Botoa modu presentzialean emateko:
- Martxoaren 1ean, Astarloa Nagusien Etxeann (16:30 - 19:30)
- Martxoaren 3an, Andra Mariko elizpean (16:00 - 20:00)
- Martxoaren 5ean, Ezkurdin (10:00 - 14:00)
- Martxoaren 6an, Herria tabernaren aurrealdean (10:00 - 14:00)
- Martxoaren 9an, Madalenako plazan (10:00 - 1400)
- Martxoaren 11n, Ibaizabal parkean (16:00 - 20:00)
Durangoko gobernu taldeko agintariak.