Zein informazio izan duzue eskuen artean?
Durangon bertan landuriko informazioa genuen, bai Gerediaga elkarteak bai Durango 1936 elkarteak jasorikoa. Aspalditik lantzen genbiltzan gaia izan da.
Horren arabera, zelan planteatu duzue prospekzioa?
Kanposantuan hutsik zegoen eremu bat zegoen, umeak hilobiratuta dauden esparruan, hain zuzen ere. Jendeak uste zuen bazitekeela espazio horretan bonbardaketako hobi komun bi egotea. Jon Irazabalek egindako lanean agertzen den zerrendan, garbi asko aipatzen dira "Fosa uno" eta "Fosa dos" eta 84 pertsonako zerrenda bat. Hor hobi biri buruz berba egiten da. Batean eta bestean zenbat pertsona dauden azaltzen da. Hori bilatzera joan ginen. Jakin gura genuen ea urte hauetan guztietan hobiak egon diren, bertan mantendu diren.
Zelan egiten da lan hori teknikoki?
Zabaldu egiten da eta miatu. Guk horri prospektatu esaten diogu. Lurrak kendu eta hobiak bilatu behar dira.
Zelan egin zenuten prospekzioa joan zen astean?
Martitzenean joan ginenean, San Bizente eremura joan ginen, aurreikusita genuen gunera barik. Sartu eta ezkerretara dagoen zonalde bat da, hilerriko atetik oso gertu. Gerediagakoen esanetan, lekuko batzuek esan zuten hantxe hobiratu zituztela bonbardaketan hildakoak. Emakume baten lekukotasuna jaso genuen. Berak zioenez, bere aitona hilobiraturiko lekua ikustera joaten zen amamagaz hilerrira. Amak esaten zion aitonaren hezurrak atera egin zituztela leku horretatik. Kointzidentzia horiek ikusita, hara joan ginen lehenengo. Prospekzioa egiterakoan, hobi bi aurkitu genituen. Kanposantuko hilobi normalak ziren. Hala ere, atera egin genituen. XX. mendeko bigarren erdialdekoak ziren. Begiratu egin genuen ea horren azpian bonbardaketa garaiko hezurren arrastorik egon zitekeen. Hala ere, ez genuen ezer ere aurkitu. Beraz, leku horietan inoiz hobi komunik egon bada, jada ez dago.
Eta beste gunean?
Haurrak hilobiratuta dauden gunea zen aurreikusita genuena. Esparru horretan asko zabaldu genuen, baina ez genuen ezer ere aurkitu.
Ez dituzue hobi komunak aurkitu. Baina posible da inoiz hor egon izana?
Aurretik egon ziren edo ez ezin dugu esan. Guk ez ditugu aurkitu. Horixe da ebidentzia bakarra.
Ziur gorpuak kanposantura eraman zituztela eta hilerrian bertan hilobiratu zituztela, baina non? Hori ez dakigu. Geroztik atera dira? Agian bai, ez dakigu. Hipotesiak egon daitezke, baina guk ez dugu informaziorik hori garbi esateko.
Gai honetan esperientzia handia duzue. Hilerrietan, orokorrean, zailtasun handiak daude hainbeste denbora pasatuta hobiak aurkitzeko.
Kanposatuak leku mugatuak dira, eta behin eta berriro erabiltzen dira. Kontuan hartu, berez, 10 urtetara hezurrak atera egiten direla leku hori berriro erabili ahal izateko. Beraz, 80 urte pasatu ondoren pentsa dezakegu lau bider behintzat aldatu ahal izan direla, ez bada panteoietan mantendu direnak. Eraikitako lekuetan ez da ezer aldatzen, baina lurrean egindako enterramendu guztietan egin dira aldaketak. Baina hori kanposantuko bizimodu normala da, leku horri dagokiona.