Sorginolak bere jarduerarekin jarraitzeko udal-espazio baten alternatiba ematea eskatu du EAJk

Anboto 2022ko ots. 4a, 13:35

Artxiboko irudia: Fundifesten aurkezpena, 2019 urtean.

"Uste dugu beharrezkoa dela elkarrizketa eta negoziazio bide bat irekitzea, gazte horiei Durangon espazio egoki berri bat emateko, beren programak garatzen jarraitu ahal izateko", diote jeltzaleek prentsa oharrean.

Iazko ekainean, Eusko Jaurlaritzaren Sprilur S.A. enpresa publikoak Fundifes izandakoaren lursailak erosi zituen lurrak deskontaminatu, berreskuratu eta "goi-mailako heziketa beharrizanei" erantzuteko. "Lankidetza publiko-pribatu" bat hasi zuten, Maristak ikastetxearen eraikin berria lursail horietan kokatzeko. "Eusko Jaurlaritzak aktibo hori erosita, Durangok espazio garrantzitsu bat garatu ahal izango du, Basque Green Deal estrategiaren esparruan eskualdeko prestakuntza-gune eta sustapen ekonomikoko gune bihurtzeko", dio EAJk ohar batean.

Sorginola gaztetxeko kideek Fundifeseko espazioa erabiltzen dute beraien ekintzak garatzeko. EAJk dioenez, " beharrezkoa da elkarrizketa eta negoziazio bide bat irekitzea, gazte horiei Durangon espazio egoki berri bat emateko, beren programak garatzen jarraitu ahal izateko". Udal gobernuari mezua bidali diote: "EAJtik Durangoko Udaleko arduradunei eskatzen diegu Sorginola Gaztetxeko bozeramaileekin lehenbailehen biltzeko eta, Fundifesen, Tabiran, enpresaren egungo instalazioak eraitsi ondoren, beren jarduerakin jarraitu ahal izateko udal-espazio bat gaitu ahal izateko alternatiba bat eskaintzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!