Durangoko txakurguneetan hobekuntzak eskatu dituzte erabiltzaileek

Joseba Derteano 2022ko ots. 1a, 19:00
Errotaritxuena inguruko txakurguneko irudia.

Gaur udalarekin batzartu dira euren eskariak helarazteko.

Erabiltzaile batzuk ez daude gustura Durangoko txakurguneen egoeragaz eta gaur udaleko ordezkariekin batu dira euren proposamenak adierazteko. Batzarraren balorazio positiboa egin du txakurguneko erabiltzaile bat den Eva Fernandezek eta "entzunak" sentitu direla dio. Gainera, udalak euren deiari “berehala” erantzun izana eskertu du. Aritz Bravo zinegotziak ere "erabiltzaileen feedbacka" jaso izana "eskertzekoa" dela adierazi du eta "ahal den neurrian" eskariei erantzun saiatuko direla.

Askotariko proposamenak

Bere txakur biekin Errotaritxuenan dagoen txakurgunea erabiltzen du normalean Fernandezek eta gehienbat hango erabiltzaileak dira mugitu direnak. Sasoi batean 2.000 metro karratu inguruko espazio batean egoten ziren, baina gero 800 metro karratu inguruko txikiago batera tokialdatu zituzten. “Metro asko kendu dizkigute”, dio Fernandezek. Horrez gainera, “obra-hondakinak” ei daude bertan; esaterako, “kristalak” eta “azulejuak”. “Azken asteetan pare bat txakurrek ebakiak egin dituzte eta puntuak eman behar izan dizkiete”.

Durangoko beste txakurguneak bisitatu dituzte euren egoera zelakoa den ikusteko. “Erdiek itxierak apurtuta dituzte edo iturriek ez dute funtzionatzen. Batzutan zelaian zuloak daude edo zuhaitzak apurtuta eta txakurrek min hartu dezakete. Gainera, araudiari jarraituz hesiek metro biko garaiera izan beharko lukete txakurrek gainetik salto ez egiteko, baina ez dute garaiera hori”, adierazi du. Beste kexa bat txakurguneko zelaiek ura drainatzeko duten ahalmenaren ingurukoa da. “Egunean zehar euri apur bat egiten badu gauetan ia ez daude erabiltzeko moduan. Udalari adierazi nahi dioguna da txakurgune bat egitea belardi bat hesitzea baino zerbait gehiago dela. Azkenean Durangon 3.000 bat txakur daude erroldatuta, erabiltzaile asko gara”, dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!