Dendak Bai merkatarien elkarteak aipamen berezia jaso du Espainiako Barne Merkataritzako Sari Nazionaletan. Elkarteak Merkataritza gune irekien kategorian jaso du aipamena. Dendak Bairen berbetan, aipamena "oso garrantzitsua" da, "ibilbide luze baten emaitza" delako. Alex Palacios elkarteko presidenteak eta Miren Garrastazu merkataritza teknikariak Madrilen egindako sari banaketan parte hartu zuten atzo. Ekitaldian Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa eta Xiana Mendez Merkataritzako Estatu idazkaria egon ziren. Han esandakoen arabera, aipamena "egunez egun egiten den lanaren eta ahaleginaren
aintzatespena da, elkarteen garrantzia azpimarratzeaz gain, pandemian zehar
areagotu dena".
Ibilbide oparoa
Dendak Bai elkartean 191 merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimendu daude. Iazko urtea 13 establezimendu gehiagorekin zarratu zuten, eta aurtengoa 15 gehiagorekin. Elkartea duela 37 urte sortu zen. Zenbaezinak dira merkataritzaren alde egindako ekintzak eta lanak: aholkularitza, laguntzen tramitazioa, etxez etxeko banaketa-zerbitzua, Durango Txartela fidelizazio-txartela, ekitaldi eta kanpainen antolaketa, prestakuntza edo lan poltsak.