[BIDEOA] Durangoko emakumeen kartzelan egondako presoak soka-dantza hunkigarri batekin omendu dituzte

Anboto 2021ko aza. 27a, 13:53

Nevers ikastetxean egin dute omenaldian Joseba Sarrionandiaren koplak abestuta soka-dantza egin dute hainbat emakumek.

Agurrik Gabeak ekitaldian 1939-1940 urteen artean Durangoko emakumeen kartzelan egondako presoak omendu dituzte. Horretarako, soka-dantza berezia egin dute. Durangoko dantza taldeek, Aikoko kideek eta baita Iurretako plazan entseatzen duen taldeko kideek parte hartu dute. 49 emakume elkarren ondoan lore sorta baten inguruan dantzatuz. Patxi Labordaren koreografiagaz Joseba Sarrionandiak osaturiko koplen erritmora dantzatu dira. Erika Lagomak abestu du eta Onintza Azkaratek biola jo du. "Andre presoak suntsitu arren lore ederren moduan, presente daude pertsona duinen errekuentuan" esaldiagaz amaitu dute kantaldia. Horren ostean, kartzela horretan hildako emakume eta umeen izenak gogoratu dituzte. Bestalde, Maria Gorosarri EHUko irakasleak kartzelaren inguruan ikertutakoa azaldu du. Beste momentu hunkigarrietako bat Maite Anduezaren parte hartzea izan da. Andueza txikia zenean kartzelara joaten zen Madrilgo Chiloeche izeneko presoa bisitatzera.  

Maria Gorosarriren birramama Durangoko kartzelan egon zen.  ANBOTOn egindako elkarrizketan Gorosarrik azaldu zuenez, kartzela horretan zeudenak "faxismoak politikoki errepresaliaturiko emakumeak ziren: Errepublikaren bizitza politikoan (mitinetan, manifestazioetan...) edo gerran parte hartu zuten emakumeak zeuden. Gainera, faxismoak delitu berri bi sartu zituen andrentzat: abortua eta proxenetarik bako prostituzio autonomoa (proxenetismoa indarrean ipini zuen-eta, Errepublikak prostituzioa abolitu eta gero). Orduan, mota bi horietako presoak zeuden: politikoak eta sozialak". Bertan egondako emakumeen lekukotzek oso bizi-baldintza gogorrak deskribatu zituzten. "Gizonek ez bezala, andrek ez zeukaten oherik, eta zoruan lo egin behar izaten zuten, pilatuta. Horrenbeste andra zegoen ze, espetxe esan beharrean “emakume biltegi” esaten ziotela eurek. Ziega ikasgelak ziren eta han 40-50 andra edukitzen zituzten. Egun osoan ez zuten ziegatik irteten, mezatara joateko ez bazen, edo Cara al Sol kantatzeko. Hortaz, dutxatzen ere ez zieten uzten", azaldu du Gorosarrik.

 

 

Joseba Sarrionandiaren koplak

Ikasgelak ziega bihurtu 
zituzten jeneralek: 

Durangon Les Mères de Nevers

hartuko zuten balek. 

--Nor zara ba zu? --galdetzen dute 
andre ahaztuen itzalek. 

Min zaharra isiltzen dute 

Ikastetxeko arrakalek. 



Komentu, ziega, eskola: 

gogorrak erregelak, 

eta ez ziren gutxi izango 

oinazearen gelak. 

Oroimena naiz, ene andreok. 
Ai, nire hutsarte itzelak

zuekin beterik daude 

ahanzturaren hotelak. 



Historia ez da amaitu, 
hortxe dugu gertuan. 

Iragana ezin da iragan 

gure pentsamenduan. 
Andre presoak suntsitu arren 
lore ederren moduan, 
presente daude pertsona 
duinen errekuentuan. 

(Argazkia: Gerediaga Elkartea)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!