"Alderdiek abandonatu egin zituzten emakume presoak, gizonezkoen borrokan zentralizatu zirelako"

Anboto 2021ko eka. 18a, 09:30

Memoria historikoaren lanketan, emakumeen kartzeletan gertaturikoa isilarazia izan da denbora luzez. Beste behin ere, ez dituzte  emakumeak kontuan hartu. Maria Gonzalez Gorosarri EHUko irakasleak Durangoko emakumeen kartzelaren inguruko berbaldia eman du asteon San Agustinen. Gonzalezek azpimarratu du faxismoak ez zuela serio hartu andren konpromiso politikoa. Hain bizi baldintza gogorretan bizirik irauteko, elkartasun sareak sortu zituzten. 

Faxismoan, gizonen eta emakumeen kartzelen ezaugarriak ez ziren berdinak. Zergaitik?
Gizonentzako espetxeak espetxe zirelako, eta andrentzako espetxeak, ostera, bestelako eraikinak: komentuak, gehienetan. Gizonek oheak zituzten, eta andrek ez.

Zergaitik ez zegoen “gerra preso” definiziorik emakumeentzat?
Faxismoak ez zuelako andren jarduna jarduera politikotzat hartzen. Orduan, haiek apurturiko moralitatea berrinposatu gura izan zieten. Andrak berriro hezi behar zituzten; katolizismoan, jakina.

Non zegoen, hain zuzen ere, Durangoko emakumeen kartzela? Noiz eta zelan bilakatu zen kartzela?
Nevers ikastetxea dagoen lekuan zegoen, 'las francesas' ezizenagaz ezagutzen zen eraikin horretan. Lehenengo, gizonezko presoak egon ziren han, 1937an. Faxistek Durango birrindu eta gero esklabu lez erabili zituztenak, hain zuzen ere, Durango berreraikitzeko. Ondoren, 1939ko azarotik 1940ko abendura bitartean, Karidadeko (Ospitaleko) mojen zaintzapean, espetxea eduki zuten.

Zelan garraiatzen zituzten emakumeak bertara? Nongo emakumeak zeuden han?
Durangoko espetxea txikia zenez, beste espetxe batzuetako presoak ekartzen zituzten, animaliak egondako trenetan. Estatu osoko andrak zeuden.

Emakumeak kartzela batetik bestera eramaten zituzten? Zergaitik?
Faxistek sakabanaketa politika martxan ipini zuten, emakume presoek hartu-eman afektibo-politikorik eratu ez zezaten. Gainera, familiarengandik urruntzean, animikoki errazago etsiko zutela pentsatzen zuten. Andren konpromiso politikoa ez zuten serio hartzen.

Zein motatako presoak zeuden Durangon?
Faxismoak politikoki errepresaliaturiko andreak ziren: Errepublikaren bizitza politikoan (mitinetan, manifestazioetan...) edo gerran parte hartu zuten andreak zeuden. Gainera, faxismoak delitu berri bi sartu zituen andrentzat: abortua eta proxenetarik bako prostituzio autonomoa (proxenetismoa indarrean ipini zuen-eta, Errepublikak prostituzioa abolitu eta gero). Orduan, mota bi horietako presoak zeuden: politikoak eta sozialak.

Zelako bizimodua zuten kartzelan? Zelako bizi baldintzak zituzten?
Preso sozialak goiko pisuan zeuden eta mojek "Shanghai" esaten zieten. Haien bizi baldintzak ez dira jaso. Preso politikoek haien bizimoduaren berri emon zioten Tomasa Cuevas kideari, 1977an, hiru tomo osatu arte. Gizonek ez bezala, andrek ez zeukaten oherik eta zoruan lo egin behar izaten zuten, pilatuta. Horrenbeste andra zegoen ze, espetxe esan beharrean “emakume biltegi” esaten ziotela eurek. Ziega ikasgelak ziren eta han 40-50 andra edukitzen zituzten. Egun osoan ez zuten ziegatik irteten, mezatara joateko ez bazen, edo Cara al Sol kantatzeko. Hortaz, dutxatzen ere ez zieten uzten.

Elkartasun sareak sortzen zituzten, bai barruan baita kanpotik laguntzen zieten herritarrekin ere.
Barruko antolamendua preso gazteen erantzukizuna izaten zen, prestatuenak zirelako eta irakurtzen zekitelako, adibidez. Politizatuenak ere eurak ziren. Orduan, hiruko taldeak osatzen zituzten: preso gazte bategaz, ardura hartzeko; preso nagusi bategaz, babesik handiena behar zutenak zirelako; eta gertuko preso bategaz, etxekoek jakiak eta bestelakoak bidaltzen zizkiotelako. Herriak ere erakutsi zuen elkartasuna presoekin. Kontuan eduki behar da zenbaterainokoa zen orduko izua, Durangoko gizonezkorik gehienak kartzelan zeudelako edo fusilatu egin zituztelako. Orduan, Durangon militarrak eta andrazkoak bizi ziren, batez ere. Andra horietariko batzuek babestu egin zituzten presoak, euren familiakoak etxean hartuta, edo etortzeko modurik ez bazuten, eurek ezagutzen ez zituzten presoei bisita eginda.

Durangoko kartzelan egoniko emakumerik elkarrizketatu ahal izan duzu? Zein lekukotza kontatu dizute? Rosario 'la dinamitera', esate baterako. Ondo ezagutu zituen emakumeen kartzelak.
Nire birramama bertan egon arren, nik ez nuen ezagutu eta hark ez zien seme-alabei horretaz berbarik egin gura izan. Bilboko Orueko espetxean gabez kideak fusilatzera ateratzen zirenekoa bakarrik kontatu zuten. 2007an Madrilera joan nintzen, Rosario Sánchez Morari elkarrizketa egitera. Miguel Hernández olerkariak “Rosario Dinamitera” ezizena ipini zion. Rosario preso gaztea zen, oso kontzientziatua, politizatua. Nire birramama, ostera, preso nagusia zen. 40 urte zituen, Mendizabal fabrikako behargina zen eta kanpoan bost seme-alaba utzi zituen, senarra Frantziako kontzentrazio-eremuetan zeukala. Preso gazteek, besteak beste irakurtzen erakutsi zioten espetxealdian.

Durangokoak beste emakumeen kartzela batzuen antzera funtzionatzen zuen? Zornotzakoaren antzera, esate baterako?
Durangokoa txikia zen eta, alde horretatik, ez zen horren gogorra. Zornotzakoa horren handia izan ez arren, beldurgarria zen. Preso asko gaixotzen zen eta gaixotzen ez zirenek oso itxura eskasa zuten. Tomasa Cuevasek, adibidez, ez zuen bere kide bat ezagutu!

Beste emakumeen kartzela batzuen inguruan ere ikertu duzu. “No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos” liburuan Saturrarango kartzelaren inguruko ikerketa egin zenuen Eduardo Barinagagaz batera. Sei urtean 4.000 emakume baino gehiago pasatu ziren bertatik. Memoria historikoaren berreskurapenari lotuta, zergaitik behar izan da hainbeste denbora emakumeek bizitakoa ikertzen eta azaleratzen hasteko? Bide horretan, oraindino ere badago lana egiteko?
Preso zeudela, alderdiek abandonatu egin zituzten, gizonezkoen borrokan zentralizatu zirelako, edo ez zituztelako kidetzat hartzen. Orduan, erresistentzia antolatu zuten espetxe barruan, eta, kartzelaldia amaitutakoan, sare horrei eskerrak, garaitutako gizarte batean aurrera egin ahal izan zuten. Franco hil zenean, Tomasa Cuevasek kide horiekin guztiekin kontaktatu zuen, eta haien bizipenak grabatu zituen. Hiru liburuki dira eta autoeditatu egin zituen. Historialariek testigantza horiek eskura eduki dituzte eta aipatu ere ez dituzte egin. Ez gaituzte kontuan hartzen.

Argazkia: Gerediaga Elkartea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!