Durangoko Udalak 3.000 metro karratuko berdegunea atonduko du Untzillatx kalearen bueltan, garai batean Fauste-Landako tren geltokia zegoen orubean. Lanok TADUko aparkaleku berriarekin batera egingo dituzte eta, horregaz, apurka-apurka herria bitan banatzen duen trenbide zaharra desagertzen joatea gura du udalak. Proposamena urtarrilaren 29an egin zioten Euskal Trenbide Sareari. “Erakunde publikoon artean herritarren interesen alde lan egin behar dugu, eta proiektu hau horren adibide da. Urte luzeetan Durango bitan banatu duen ‘hesia’ desagertzen joateko unea da, eta horren alde egingo dugu lan. Zentzu horretan, uste dugu beharrezkoa dela trenbide zaharraren ibilbidea herriarentzako berreskuratzen joatea”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.
Lanek 24.468€ko aurrekontua izango dute (BEZ barne). Geralekuko hormak eta hormigoizko zorua kenduta berdegunea sortuko dute bertan.