Gontzal Mendibil kantari zeanuriztarrak eta Durangoko Orfeoiak emanaldi berezi bat eskainiko dute elkarrekin, Xabier Castillo 'Xeberri' zenaren omenez. Kontzertuari buruzko xehetasunak goiz honetan eskaini dituzte udaletxeko osoko bilkura aretoan. Mendibilek gogora ekarri ditu Xeberrik eta biek 70eko hamarkadan bizi izandakoak. "Gure asmoa Bizkaian Ez dok Amairu mugimenduaren antzeko zerbait sortzea izan zen, mugimendua Gipuzkoan loratu baitzen gehienbat.1975eko hasieran, elkarrekin kantatzen hasi ginen. Pilo bat kantadi egin genituen urte hartan. Ehunka. Hilean 30 bat emanaldi izateraino", gogoratu du Mendibilek. Bestalde, kantariak aitortu du Durango "bigarren etxetzat" duela, umezaroa bertan pasatu baitzuen, Jesuiten ikastetxean.
Durangoko orfeoiko presidente Valentin Sagastizabalek adierazi du "oso harro" daudela Mendibilek kontzertua eskaintzeko eurekin pentsatu duelako. "Kantu ezagunak interpretatuko ditugu, herrikoiak, eta baita San Juan Gurutzekoaren poemak ere. Pena merezi duen kontzertua izango da, Durangoko Azokaren giroan egingo dena", azpimarratu du. Bestalde, Juanan Bueno zinegotziak adierazi du "oso kontzertu garrantzitsua eta polita" izango dela. Emanaldi bakarra izango da. Eta berezia. Orfeoiak eta Mendibilek ez baitute elkarrekin sekula jo orain arte.
Sarrerak non eskuratu
Kontzertua abenduaren 5ean izango da, Andra Mari elizan, 19:00etan. Sarrerak bihar ipiniko dituzte salgai Durangoko Turismo Bulegoan, Kurutzesantun. Txartel bakoitz 10 euroan salduko dute. 450 lagunentzako lekua egongo da.