Durangoko Udalak salgai jarritako 'Gastrobonoak' agortu dira

Anboto 2021ko aza. 16a, 09:02

Durangoko Udaleko eta ostalaritzako ordezkariak Gastrobonoen aurkezpenean.

Bonoak azaroaren 30a baino lehenago erabili beharko dira.

Joan den urriaren 22an aurkeztu zituen Durangoko Udalak 'Gastrobonuak', herriko jatetxe eta tabernentzako deskontu-kupoi berriak, tokiko ostalaritzan kontsumoa sustatzeko helburuarekin.

Guztira 3.500 bono jarri zituzten salgai, eta azaroaren 15ean agortu dira. Orain arte existitzen ez ziren bonu berri horien bidez, durangarrek 20 euroko deskontua lortu ahal izan dute kanpainari atxikitutako Durangoko ostalaritza-negozioetan. Guztira, 25 negozio izan dira. Guztira, 35.000 euro bideratu ditu Udalak kanpaina berrirako, eta saldutako 3.500 bonuetatik 1.964 trukatu dira gaur arte.

"Gastrobono hauei esker Durangoko jatetxe eta tabernei bide berri batetik lagundu ahal izan diegu, beraz oso pozik gaude izan duten harrerarekin. Durangoko Udalak 35.000 euro eman ditu kanpaina honetarako, baina negozioek jaso duten etekina are handiagoa da", azaldu dute Neskutz Rodriguez eta Aritz Bravo zinegotziek.

Bonuek 10 euroko kostua izan dute, eta 20 euroko balioa dute; beraz, Durangoko Udalak gainerako 10 euroak diruz lagundu ditu. Azaroaren 30a baino lehen egin beharko da gastua, data horren ondoren egindako erosketak ez baitira diruz lagunduko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!