Ostalaritzan deskontuak izateko 3.500 'Gastrobono' atera ditu Durangoko Udalak

Anboto 2021ko urr. 22a, 13:05

Ima Garrastatxu Durangoko alkatea, Julion Rios alkateordea eta hainbat ostalari gaur udaletxean aurkeztutako ekimenean.

Bono bakoitza 10 eurotan eskuratu daiteke eta 20 euroko balioa du. Durangarrek zein durangarrak ez direnek eskuratu ditzakete.

Durangoko ostalaritza suspertzen laguntzeko Gastrobonoak izeneko ekimena aurkeztu dute gaur. Guztira 3.500 bono atera dituzte, 35.000 euroko inbertsioarekin. Deskontu bonoak dira: bono bakoitza 10 eurotan eskuratu daiteke eta 20 euroko balioa du.

18 urtetik gorakoei bideratuta dago eta gehienez bono bi eskuratu daitezke NAN bakoitzarekin. Bonu bakoitza erabilera bakarreko barra-kode bati lotuta egongo da, ondoren atxikitako establezimenduetan irakurri eta balidatzeko. Kode hori formatu digitalean bidaliko da posta elektronikoz. Erosketa bakoitzean bono bi erabili daitezke gehienez zenbatekoa edozein dela ere. Ekimen honen berezitasun bat da ez dagoela durangarrei bakarrik mugatuta: Durangotik kanpokoak ere eskuratu ditzakete.

Bonoak dagoeneko eskuragarri daude azaroaren 30era arte. Bi modutara eskuratu daitezke: bonoa.durango.eus webgunearen bidez ala Herritarren Harreta Zerbitzuan nahiz Turismo Bulegoan dauden kutxazainetan.

Gastua 2021eko azaroaren 30erako egin beharko da, eta ez da diruz lagunduko data
horretatik aurrera egindako erosketarik.

Oraingoz 20 taberna edo jatetxe inguru batu dira ekimenera. Julian Rios alkateordeak dei egin die herriko establezimenduei ekimenera batzeko. Turismo Bulegoan (Kurutziaga, 38) eman ahalko dute izena, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:30era (azaroko astelehena itxita) edo www.egoitza-sede.durango.eus egoitza elektronikoaren bidez.

Erreaktibazio Planean jasotako ekimena

Pandemiaren eraginez kaltetutako sektoreak suspertzeko iazko maiatzean aurkeztutako Erreaktibazio Planean jasota zegoen ekimen bat dela adierazi du Ima Garrastatxu alkateak. "Mundu mailako krisi honek eragin zuzena izan du, adibidez, herriko ostalaritzan eta komertzio txikian. Erreaktibazio Plana aurkeztu genuenean bagenekien sektore konkretu batzuk berraktibatu behar zirela lehenengo, tartean ostalaritza", esan du gaurko aurkezpenean. Gogoratu du komertzioa sustatzeko komertzio bonoen kopurua hirukoiztea izan dela sektore hori biziberritzeko hartu duten beste neurri bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!