Durangoko Udalak eta Jaurlaritzak alde biko negoziazio mahai teknikoa sortuko dute trenbidearen orubearen proiektua adosteko

Anboto 2021ko urr. 28a, 13:02

Hori dela eta, bertan behera utziko dituzte indarrean dauden auzi judizialak, "konfiantza giroa sortzeko". 

Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak alde biko "negoziazio-mahai tekniko bat sortzea" adostu dute, trena lurperatzerakoan libratutako orubean "proiektu adostu bat" sortzeko. Hori dela eta, bi aldeek albo batera utziko dituzte indarrean dauden auzi judizialak, "konfiantza giroa sortzeko". 

Durangoko Udalak honako hau espero du Eusko Jaurlaritzaren partetik: "18 solairuko bost dorreak ez eraikitzea" eta orubean "berdeguneak lehenestea". Bestalde, bi aldeek adostasuna lortuko balute eta adostutako hori durangarrek onartzen badute, urbanizazio lanak "lehenbailehen" hasteko borondatea agertu du Durangoko Udalak.

Proiektuan inplikatutako bi aldeek Bilbon egin dute bilera, Eusko Trenbide Sarearen (ETS) egoitzan. Bertan parte hartu dute Durangoko Ima Garrastatxu alkateak, Aritz Bravo zinegotziak eta Jorge Varela zinegotziak, eta, Pedro Marco Garraio sailburuordeak, Loly de Juan Garraio azpiegituren zuzendariak, eta Ernesto Martínez de Cabredo ETSko zuzendariak.

Parte hartze prozesua

Behin adostasunera ailegatuta, udalak parte hartze prozesuari ekingo lioke. Joan zen astean iragarri zuenez, urtea amaitu baino lehen hasi gura du prozesu hori. Prozesu parte hartzaile horren xehetasunak "aurrerago" aurkeztuko dituztela adierazi zuen Artiz Bravo zinegotziak, baina aurreratu du "udazken" eta "urtea amaitu" artean hasi gura dutela.

Martxoaren 14ko galdeketa

PERI 1 Trenbidea proiektuari loturiko herri galdeketan 7.077 durangarrek eman zuten botoa. Horietatik 6.680k baietzaren alde egin zuten, hau da, PERI1 trenbidea gelditu eta parte hartze prozesu bat hastearen alde. 372, berriz, ezezkoan kokatu ziren, eta proiektua babestu zuten. Galdeketako parte hartzea %28,57koa izan zen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!