Trenbidearen orubeari buruzko prozesu herritarra urtea amaitu baino lehen ipini gura dute martxan

Ekaitz Herrera 2021ko urr. 21a, 16:37

Eusko Jaurlaritzak dio "behar-beharrezkoa" izango dela trena lurperatzerakoan hartu ziren "finantza-arloko konpromisoak" betetzea.

Durangoko Udalak eta Garraio Sailak bilkura egin dute gaur Lakuan (Gasteiz), trenbide zaharraren orubearen geroaz berba egiteko. Ima Garrastatxu alkatea, Aritz Bravo zinegotzia eta Jorge Varela zinegotzia, Pedro Marco garraio sailburuordeagaz eta Loly de Juan azpiegituren zuzendariagaz batu dira. Aritz Bravok adierazi duenez, udal ordezkariek PERI 1 Trenbidea proiektuaren aurrean "beste irtenbide batzuk bilatzeko aukerarik ote dagoen" planteatu diote Jaurlaritzari. Kontua da Durangoko gobernu taldeak trenbide zaharraren orubeari buruzko prozesu parte hartzaile bat hasi gura duela laster, joan zen martxoaren 14ko herri galdeketan jasotako "mandatua" egikaritzeko. Prozesu parte hartzaile horren xehetasunak "aurrerago" aurkeztuko dituztela adierazi du Bravok, baina aurreratu du "udazken" eta "urtea amaitu" artean hasi gura dutela.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du proiektua moldatuko balitz ere "behar-beharrezkoa" izango dela trenbidea lurperatzerakoan hartu ziren "finantza-arloko konpromisoak" betetzea. Dena dela, alde biek nabarmendu dute bilkura "tonu atseginean" egin dutela, eta "ahalik eta adostasunik handiena lortzeko" eta "herritarrak gogobeteko dituen akordioa lortzeko borondatea" dutela

Martxoaren 14ko galdeketa

PERI 1 Trenbidea proiektuari loturiko herri galdeketan 7.077 durangarrek eman zuten botoa. Horietatik 6.680k baietzaren alde egin zuten, hau da, PERI1 trenbidea gelditu eta parte hartze prozesu bat hastearen alde. 372, berriz, ezezkoan kokatu ziren, eta proiektua babestu zuten. Galdeketako parte hartzea %28,57koa izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!