Gorakada antzerki konpainiak 'Zuhaitzak landatzen zituen gizona' obra estreinatuko du asteburuan

Ekaitz Herrera 2021ko ira. 14a, 16:59

Obra berri horrek zabalduko du Durangoko Kultur Aro zikloaren programazioa. Zapatuan eta domekan eskainiko dituzte emanaldiak, San Agustinen, 18:00etan. Sarrerak eskuragarri daude honezkero.

Etxean eta etxekoekin. Horrela ekingo diote lanari, Gorakada antzerki taldeak izango baitu Durangoko Kultur Aro zikloa zabaltzeko ohorea (eta ardura). Antzerki konpainia urtarriletik aritu da obra berria prestatzen eta lan horren emaitza asteburu honetan taularatuko du San Agustin Kulturgunean. Konpainiako kide Alex Díaz "oso pozik" dago ikuskizunagaz. Prestatu dutena "istorio txiki eta sinplea" dela dio, baina azpimarratu du kontakizuna "handitu bezala" egiten dela bizi ditugun garaiotan. Antzerki obrak Jean Giono idazle frantsesaren izen bereko obra du oinarri: Zuhaitzak landatzen zituen gizona. Bertan, bakardadean sartuta dauden bi gizonen arteko adiskidantza azaltzen da, testuinguru lez Europaren historiako gorabeherak, bi mundu-gerrak edo kontzientzia ekologikoaren sorrera baliatuta. Fran Lasuen aktorearen berbetan, horrek guztiak giza baloreak aldarrikatzeko balio dezake, istorioan islatuta baitaude "aldaketa klimatikoarekiko sentsibilizazioa eta baloreak". Kemena batetik, eta helburua lortu arte lanean jarraitzeko indarra, bestetik.

Obraren zuzendaria José Carlos García da eta haren esanetara taularatuko dira Fran Lasuen eta Sandra Fernández Agirre aktoreak. Azken bi hauek, gainera, antzerki obraren soinu banda izango dena ere interpretatuko dute, biolontxelo jotzailea baita Fernández de Agirre, eta arrabita jotzen baitu Lasuenek. Eurekin batera Karrika antzerki taldeko Maialen Magunagoitia ariko da video-jockey lanetan. Magunagoitiak prestatu du eszenaratzea. Ane Abanzabalegi zinegotziak azpimarratu du "plazer bat" dela estreinua herrian jasotzea, eta durangarrak animatu ditu ikustera joatera.

Ikuskizunerako sarrerak eskuratzeko atari honetara jo daiteke. Emanaldi bi egongo dira. Zapatuan, bat, eta domekan bestea. Biak 18:00etan hasiko dira. Antzerki obrako arduradunek adierazi dute 6 urtetik gorakoentzako ikuskizuna dela.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!