Durangoko Udalak jakinarazi du San Faustoko frontoiko tabernaren kudeaketa lehiaketara aterako duela. Tabernaren ardura hartu gura dutenek eskariak aurkeztu beharko dituzte Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, irailaren 15a baino lehen. Etorkizuneko kontratuaren iraupena bi urtekoa izango da, baina beste bi urtez luzatzeko aukera ere egon daiteke, udalaren berbetan. Dena dela, udal iturriek argitu dute kontratuaren iraupen osoa ez dela lau urtetik gorakoa izango. Lizitazioaren oinarrizko kanona 550 eurokoa izango dela ere aurreratu dute. Xehetasun gehiago topatu daiteke web orri honetan.
Esan bezala, interesdunek irailaren 15era arteko epea dute eskariak aurkezteko. Hori baino lehen, ordea, aukera izango dute instalazioak bertatik bertara ezagutzeko. Udalak bisita bat antolatu du irailaren 7rako. 12:00etan izango da, eta bertara joateko ezinbestekoa izango da aurretiaz izena ematea. eperez@durangokirolak.net helbidera idatzi beharko da horretarako.
Udal gobernu taldeak "herrigunetik haratago" doazen baliabideak eskaini gura ditu. Agintarien berbetan, "ezinbestekoa da auzoek beren baliabideak idaztea, beren harduerak garatu ahal izateko". Hori dela eta, "oso pozik" daude "San Faustoko bizilagunentzat gune hori berreskuratzeaz". Udalak San Faustoko auzo-taberna berritzeko hainbat lan egin zituen iaz. Altzariak berritzeaz gainera irisgarritasun lanak egin zituzten.