Azken ukituak, San Faustoko auzo-taberna berriro ere auzotarren topaleku izan dadin

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 30a, 14:26

Durangoko Udala San Faustoko auzo-taberna birmoldatzeko lanak amaitzen ari da. Gutxi barru, auzotarrek garai batean bilgune eta izaera sozial handiko taberna izandakoa berreskuratuko dute.

Durangoko Udalak jakinarazi du San Faustoko taberna birmoldatzeko lanak amaierara ari direla ailegatzen, eta laster egongo dela lokal berritua, prest. Besteak beste, irisgarritasuna hobetzeko lanak egin eta altzariak berritu dituzte. "Gure ustez, ezinbestekoa da auzoek beren baliabideak izatea beren jarduerak garatu ahal izateko, horregatik, oso pozik gaude San Faustoko bizilagunentzat gune hori berreskuratzeaz", azaldu dute gobernu taldeko kideek.

Frontoia ere bai

Taberna ez da udala San Fauston egiten ari den lan bakarra. Frontoia berritzeko lanak ere laster lizitatuko direla iragarri du. Frontoiko teilatua konpontzeaz gainera, instalazio elektrikoak berrituko dituzte, bertan, kirola ez ezik, kultura ekitaldiak programatzeko aukera ere egon dadin. Bestalde, Kapitanea baserria berritzeko asmoak aurreikusi ditu udalak. "Urte askoan herrigunean soilik zentratu den herri batean bizi izan gara, eta hori aldatu nahi dugu, auzoei baliabide berriak eskainiz", baloratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!