12. postua lortu du June Arbeok Europako atletismo txapelketan

Anboto 2021ko uzt. 10a, 17:12
(Artxiboko irudia).

23 urtez azpiko Europako atletismo txapelketako finalean lehiatu da gaur June Arbeo durangarra, 3.000 oztopo proban.  Tallinen (Estonia) ari dira jokatzen Europako txapelketa. 

"Helburu nagusia finalean egotea zen, eta alde horretatik pozik nago. Lehenengo hamarren artean amaitzea gustatuko litzaidake, baina ezinezkoa izan da", azaldu dio ANBOTOri lasterketaren ostean. Hamabigarren postua lortu du June Arbeok, 10:24.08ko denbora eginda. "Lasterketa hasieran nahiko astiro irten da multzoa. Gero, lasterketa buruko bi frantziarrek erritmoa aldatu dute, eta jarraitzen saiatu naiz, baina hankak nekatuta igarri ditut, eta ezin izan diet jarraitu. Uste dut hankak aurreko [egueneko] lasterketatik guztiz errekuperatu gabe eduki ditudala. Ez nago ohituta horrelako lasterketa bi hain jarraian egitera, eta horrek ere eragina izango zuen". Flavie Renouard frantziarrak jantzi du urrezko medaila, 09:51.02ko denboragaz.

Estoniako Europako txapelketara Euskadiko errekorra hobetuta iritsi da June Arbeo. Horrez gainera, denboraldi amaierara "pozik" iritsi da atleta. Azaroan koronabirusean positibo eman zuen, eta hogei egun baino gehiagoz geldi egotera behartuta egon zen. Udaberritik aurrera, baina, maila berreskuratu zuen. "Apirilean nire marka pertsonala egin nuen, eta ekainera sasoi betean iritsi naiz, 10:02ko marka lortuta eta Europako txapelketara sailkatuta".

Abendutik aurrera, maila absolutuan

Europako txapelketa amaituta bukatutzat eman du denboraldia June Arbeok. Oporraldien ostean, denboraldi berria prestatzeari ekingo dio. "Beti gura da gehiago, eta nire kasuan, 10:00eko denboratik jaistea gustatuko litzaidake".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!