Atzo, Ohorezko Mailako taldeen Iberdrola Ligako finala lehiatu zuten Valentzian. Hantxe aritu zen Alcampo Scorpio taldean dabilen June Arbeo (Durango, 1999) eta bere inoizko markarik onena lortu zuen 3.000 metroen oztopo proban: 10.02.36. Denbora horri esker Europako txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka lortu zuen. Europako txapelketa uztailaren 8tik 11ra izango da Estonian. Bertan finalera sailkatzea du helburu, eta ahal bada aurreneko bosten edo seiren barruan geratzea.
Gainera, modalitate horretan eta 23 urtez azpiko mailan, berea da orain Espainiako bigarren markarik onena. Maria Teresa Urbina bakarrik du aurretik. Urbinak 9.49.03ko denbora lortu zuen 2007an, Belgikan.
Horrez gainera, Valentzian lortutako denbora Euskadiko inoizko denbora onena da, 23 urtez azpikoan nahiz maila absolutuan. Nagusietan Penelope Raquel Bañosena zen aurreko markarik onena, 2016ko uztailaz geroztik. 10.15.93. Beraz, ia lau urtean indarrean egon den errekorra 13 segundotan hobetu du 22 urteko durangarrak. 23 urtez azpiko mailan, berriz, Arbeorena berarena zen aurreko markarik onena. 2019an lortu zuen, Xixonen: 10.21.87.
Beste datu esanguratsu bat honako hau da: maila absolutuan eta 23 urtez azpikoan ez ezik, 20 urtez azpiko errekorra ere berea da. Kantabrian lortu zuen, 2018an: 10.37.06.
"Dena perfekto irten zen"
Atzo dena nahi moduan irten zitzaion Arbeori. "Banekin oso ondo entrenatzen nenbilena eta erritmoa barneratuta neukan. Baina gauza bat entrenamenduetan egitea eta beste bat lehiaketa ofizialetan egitea. Atzokoa sorpresa bat izan zen eta oso pozik nago. Dena perfekto irten zen", gogoratu du. Proba hasieran inor ez zen tiratzera animatzen eta Arbeo bera jarri zen buruan erritmoa bizitzera. Ondoren, beste korrikalari batekin erreleboan joan zen. Azkenean hirugarren amaitu zuen.