Dendak Bairen kanpainak erabilera bakarreko 1.000 baso baino gehiago aurreztea lortu du

Anboto 2021ko uzt. 8a, 10:35

Durangoko 20 bat tabernak hondakinak murrizteko egitasmoa hasi zuten ekainean, Irrisarri etxeagaz batera. Sei astetan erabilera bakarreko 1.000 baso baino gehiago aurreztea lortu dute.

Martxan ipini zenetik sei aste pasatu diren honetan, Dendak Baik, Durangoko Udalak, tabernariek eta Irrisarri etxeak egitasmoaren balantze positiboa egin dute. Lupetza taberna izan da egitasmoan parte hartu duen tabernetako bat, eta bertako kide Cristina Balau "harrituta" gelditu da berrerabiltze sistemak izan duen harreragaz. "Nire kasuan, inguruko bulegoetako jende asko astean lau edo bost bider hurbiltzen da eramateko kafearen bila" dio Balauk. "Astean kartoizko 30 edalontzi inguru aurreztu ditudala kalkulatzen dut", gaineratu du. 

Egitasmoa bultzatu dutenek azaldu dute baso berrerabilgarri bakoitzak erabilera bakarreko 400 bat ontzi ordezkatu ditzakeela. Dendak Baik nabarmendu duenez, kanpainara atxikitako tabernek aurrea hartu die Europatik etortzekoak diren legeei. Arau horiek erabilera bakarreko ontziak debekatzea izango du oinarri.

Kanpainak martxan jarraitzen du. Ostalariren batek egitasmoagaz bat egin gura badu, oraindik ere badu horretarako aukera. Interesdunek 688 738 102 telefonora jo dezakete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!