Durangoko 19 tabernak edalontziak berrerabiltzeko sarea osatu dute

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 31a, 17:54

Egitasmoagaz erabilera bakarreko ontzien hondakin kopurua murriztu gura dute. Zerbitzua bihartik aurrera egongo da martxan.

Durangoko 19 tabernak pauso bat aurrera eman dute hondakinak murrizteko. Bihartik aurrera erabilera bakarreko edalontziak berrerabilgarriak diren beste ontzi batzuekin ordezkatuko dituzte. Egitasmoa Dendak Bai merkatarien elkarteak aurkeztu du Durangoko Udalarekin elkarlanean. Edalontzi berrerabilgarriak, berriz, Irri Sarri etxeak ipiniko ditu. Hain zuzen ere, enpresa hau da egitasmoaren jatorrizko sortzailea.

Eramateko kafea eta depositu sistema

Basoen sistema eramateko kafea eskatzerakoan erabili ahalko da. Hau da:

  1. Bezeroak euro bi ordainduko ditu baso bat lehenengoz erabiltzearen truke.
  2. Euro biak berreskuratzeko, bezeroak egitasmoaren parte den edozein tabernatan bueltatu beharko du basoa, eta dirua jasoko du trukean.

Horrez gainera, zerbitzua erabiltzen duten bezeroek beste abantaila bat ere izango dute. Eramateko bost kafe  eskatzen dituenak, seigarren kafea debalde eskuratu ahalko du. Horretarako txartel bat eskainiko diote bezeroari, basoa lehenengoz jasotzearekin batera.

Dendak Baik adierazi duenez, baso berrerabilgarri batekin "erabilera bakarreko 400 edalontzi" ordezkatu daitezke. Egitasmoa zabalik dago bertan parte hartu gura duten tabernentzat, baita Dendak Baiko partaide ez direnentzat ere. Interesdunek 688 738 102 telefonora jo dezakete.

Sarea zabaltzen

Irri Sarrik Euskal Herriko beste hainbat herritan zabaldua dauka edalontziak berrerabiltzeko sistema. Atari honek ere halaxe jaso zuen pasa den urtarrilean. Ordu hartan Durangoko Gora Gora, Ai Ama eta Napozt batu ziren baso berrerabilgarrien zerbitzura. Iurretako Oreka taberna ere bai. Hemendik aurrera baina, sarea 19 tabernatara handituko dute eta Irri Sarrik duen sarerik handiena duen herria izango da Durango.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!