Joan zen barikuan Durangon hildako langilearen heriotza salatu dute sindikatuek

Anboto 2021ko uzt. 6a, 13:02

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek egindako kontzentrazioko irudia.

CCOOk deituta kontzentratu dira lehenengo; ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, ondoren.

Joan zen barikuan langile bat hil zen Durangon. Ertzaintzaren komisaldegi ondoko eremu batean gertatu zen istripua, eraikitzen ari diren etxebizitza bloke baten laugarren pisutik erorita. Istripuan 22 urteko portugaldar bat hil zen, ELA sindikatuko Leire Herediak gaur informatu duenez.

Gaur sindikatuak langilea hil zen obraren aurrean kontzentratu dira heriotza salatu eta segurtasun neurri gehiago eskatzeko. Lehenengo CCOO sindikatuak deituta kontzentratu dira, 11:00etan. Ordubete geroago ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitutako kontzentrazioa hasi da.

LAB sindikatuko Ibon Zubielak aurten lan istripuan hil den 30. langilea dela gogoratu du eta "lan baldintza txarrak mugatu daitezen neurriak hartzeko" eskatu die erakundeei. ELA sindikatuko Leire Herediak eraikuntza arloan gertatzen den "azpikontratazio masiboa" salatu du eta erakundeei segurtasun neurriak areagotzeko eskatu die.

CCOOren ustez, administrazioek iragarri duten berpizkunde ekonomikoak lan istripuak aregoatzea eragin dezake. ·"Ezinbestekoa da enpresek prebentzio-neurriak areagotzea eta administrazioek neurri horiek kontrolatzea", adierazi dute ohar batean.

Arratsaldean beste kontzentrazio bat egin dute Andra Mariako elizpean herritarrek deituta.

CCOOk deitutako kontzentrazioko irudia.

Arratsaldeko kontzentrazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!