Segurtasun Sailak jakinarazi duenez gizonezko bat hil da eguerdi honetan Durangon, beharrean ari zen eraikinetik behera jausita. Istripua Ertzaintzaren komisaldegiaren ondoko eremu batean gertatu da. Etxebizitza bloke bat eraikitzen ari dira bertan. Larrialdi zerbitzuak behargina suspertzera bertaratu diren arren, ezin izan dute ezer egin. 12:41ak aldera hil da. Ertzaintzak eta Osalanek ikerketa hasi dute gertatutakoa argitzeko.
Gehiengo sindikalak istripua salatzeko elkarretaratzea egingo du uztailaren 6an Durangon, 12:00etan, istripua gertatu den lekuan. ELAk dioenez, "dei egin nahi diogu gizarteari elkarretaratzean parte hartzera, langileek lantokietan pairatzen dugun eta tamalez bizitzak eramaten jarraitzen duen lan-prekarietatea gaitzesteko". LABek ere parte hartzera deitu du. "Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena", dio LABek. Sindikatuak gaineratu duenez, "aurten hiru langile hil dira jada altueratik erorita, saihestu zitezkeen lan istripu hilgarriak hirurak".