Durango Kirol Taldeko (DKT) emakume masterrak lehenengo mailari eusteko helburuarekin joan ziren asteburuan Alacantera (Valentzia), baina hori baino gehiago lortu zuten eta azpitxapeldun geratu ziren. 2013an txapelketa hori sortu zenetik hona, beti lehenengo mailan aritu izan dira. Gainera, 2013an eta 2015ean Espainiako txapeldun geratu ziren. Azken urteetan mailari eusteko borrokan aritu ostean, aurten berriro podiumera itzuli dira.
DKTko hiru atletek euren probak irabazi zituzten: Begoña Martinez durangarrak xabalina jaurtiketan, Inma Ruiz gernikarrak 3.000 metrotan, Nuria Etxegarai mungiarrak 2.000 metroko oztopo proban. Hurrengo atleta hauek ere puntu baliotsuak batu zituzten bigarren amaituta: Sonia Oceja durangarrak pertika jauzian, Begoña Martinezek hesien proban, Maria Jose Gil arrasatearrak 800 metrotan eta Aurora Perez madrildarrak 1.500 metrotan. Errelebo probetan ere bigarren geratu ziren.