“Zapatuko ekitaldietara etortzera eta bertan parte hartzera deitzen diegu herritarrei”

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 18a, 13:30

Jairik ez, baina auzoari bizipoz apur bat, bai. Pedro Horrillo (Ermua, 1969), Txutxi García (Iurreta, 1968), Benito Hurtado (Bilbo, 1979) eta Nahikari Rueda (Durango, 1978) Murueta Torre Auzo Elkarteko kideak dira. Zapatuko ekitaldiekin bizitasun apur bat eman gura diote auzoari.

Asteburuko ekitaldiak ate joka daude. Gogotsu zaudete?
Nahikari Rueda:
Dena prest daukagu. Berez, data hauetan ospatu beharko genituzke auzoko jaiak, eta, egia esan, bagenuen zerbait antolatzeko gogoa. Osasun araudiak baimenduriko ekitalditxo batzuk antolatu ditugu. Adibidez, bigarren eskuko produktuen merkatua. Zerbait parte hartzailea izan daitekeela uste dugu. Bestetik, umeei begirako joko batzuk antolatu ditugu, probekin eta sorpresekin osaturiko zerbait. Errifak ere salduko ditugu.

Eta zer diote auzokideek? Igartzen duzue kalera irteteko eta auzoan eragiteko grinarik?
Txutxi García:
Auzotarrak gogotsu daude ekitaldietan parte hartzeko, baina, tamalez, gutxi batzuk baino ez dira auzogintzan eragiteko prest daudenak. Pena bat da hori. Ia 100 bazkide gara elkartean, eta 1.000 biztanletik gora gara auzoan.
N.R.: Egia esan, elkartean parte hartzeko deialdia egin gura diegu auzotarrei. Eskuak eta ideia freskoak behar ditugu gauzak antolatzeko. Maila askotan lagundu daiteke. Bai ekitaldiak antolatzen diren bakoitzean bai urtean zehar.

Zelako auzo bizimodua duzue Murueta Torren?
Benito Hurtado:
Seguruenik Txutxi da auzoa gehien bizi duen kidea (barrez). Jende asko bizi da auzoan, eta hartu-emanak etxebizitza bloke bakoitzaren araberakoak izan daitezke. Dena dela, gizartearen zein bilakaera duen kontuan hartuta, gatx dago auzo bizitza.
Pedro Horrilo: Nik esango nuke paella eguna izaten dela auzoa gehien batzen duena. Indar handiko eguna da. Egundoko giroa eta hartu-emanak sortzen dira. Aurten ezin izango dugu paella eguna egin.

Aurrera begira, zeintzuk dira elkartearen erronkak?
N.R.:
Oraingoz, pandemiaren aurreko egoerara bueltatzeagaz konformatzen gara. Umeen Gabonetako Parkerako irteerak, apar festak eta halakoak berreskuratu gura ditugu. Zapatukoari begira, ekitaldietara etortzera eta bertan parte hartzera deitzen diegu auzotarrei. Gogotsu gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!