Murueta Torre Auzo Elkarteak bigarren eskuko azoka eta umeen gymkana antolatuko ditu

Anboto 2021ko eka. 8a, 09:00
Ipuin kontalari bat Murueta Torren, 2019ko auzoko jaietan.

Azoka ekainaren 19an egingo dute. Elkarteak herritarrak deitu ditu "etxean ezkutatutako altxorrak" hartu eta postuak ipintzera. Azokaz gainera, umeentzako "opari gymkana" eta argazki zaharren erakusketa antolatuko dute.

Murueta Torre Auzo Elkarteak bigarren eskuko azokaren lehen edizioa antolatu du ekainaren 19rako. Azoka goizeko 10:00etatik 15:00etara egingo da auzoan bertan. Antolatzaileen esanetan, "erabiltzen ez diren objektuak hurbiltzea eta bigarren bizitza bat ematea da" azokaren helburua. Horrez gainera, elkarteak aurreratu du "argazki zaharren erakusketa txiki bat" eta "umeentzako opari gymkana bat" ere antolatuko dituela. 

Azokan postua ipini gura duenak inprimaki txiki bat bete beharko du. Lotura honetan eman daitezke datuak. Elkarteak durangarrak gonbidatu ditu "etxean ezkutatutako altxorrak" ateratzera eta "postu bat" ipintzera. Postua ipintzeak bost euro balio du. Muruetatorre Auzo Elkarteko bazkideek, baina, bi euroan ipini ahalko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!