“Euskadin ezarri berri dudan marka hori gehiago ontzea dut helburu nagusi”

Maialen Zuazubiskar 2018ko mai. 21a, 09:15

Goi mailako kros denboraldia egin du aurten June Arbeo durangarrak.Pistako denboraldia ere ezin hobeto hasi du.

Maiatzeko lehen asteburuan Euskadiko marka berria ezarri zenuen 20 urtez azpikoetan, 3.000 metroko oztopodun lasterketan.
Oviedoko 3. 000 metroko oztopoen lasterketara sasoi betean heldu nintzen eta ondo aritzea espero nuen. Gainera, nire helburuetako bat Euskadin ezarrita zegoen marka apurtzea zen. Hala ere, aitortu behar dut sorpresa izan dela marka hau egitea.

Orain 10 urte Ainhoa Sanz urretxuarrak ezarri zuen marka bost segundotan hautsi duzu.
Bai. Nire ustez, marka oso ona ezarri dut, eta gustura nago egindakoagaz. Euskadin marka berria ezartzeaz gain, orain arteko nire denborarik onena asko jaitsi dut. Gainera, Espainiako zortzigarren denborarik onena egitea ere lortu dut. Hau, esaterako, planteatu ere ez nuen egiten.

Zein da sekretua hamar urtean beste batzuek lortu ez dutena lortzeko?
Gogor lan egiten nabil. Beste urte batzuetan baino entrenamendu saio hobeak egiten ari naiz, David Garcia entrenatzaileari esker, eta gakoa hor dagoela esango nuke. Gainera, emaitza onak lortzen hasten zarenean, gehiago gura duzu eta hori lortzeko gogorrago lan egiten duzu. Nik, esaterako, Euskadin ezarri berri dudan marka hori gehiago ontzea dut helburu.

Azken urtean pauso garrantzitsu bat eman duzu, bai pistan eta baita krosean ere.
Iaz atletismoa serioago hartzen hasi nintzen. Ordura arte, jolas baten modura hartu nuen. Baina, azken urte honetan, gogor lan egin dut, eta aurrerapauso handi bat eman dut.

Zein da zure hurrengo erronka?
Orain atseden hartuko dut, eta ekainean izango dugun Espainiako Txapelketa izango da hurrengo lasterketarik garrantzitsuena.

Krosa eta pista uztartzen dituzu.
Bai. Pistan presio handiagoa dudan arren, helburu nagusienak ere bertan ditut. Orduan, krosa pistako denboraldia prestatzeko erabiltzen dut gehienbat.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!