Durangoko EAJk "lidergo falta" eta "makillaje politikan aritzea" egotzi dio gobernu taldeari

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 9a, 10:23

Legegintzaldiak bide erdia egin duela eta, Durangoko EAJk balantzea egin du: pandemiak baldintzatutako hilabeteak "kontuan hartzen" badituzte ere, "Durangoko udalerria inoiz baino atzerago geratzen ari dela" diote jeltzaleek.

Durangoko EAJk legegintzaldiko lehenengo bi urteen balantzea aurkeztu du goiz honetan. Mireia Elkoroiribe alderdiko bozeramaileak eta Izaskun Urien Durango Uri Batzarreko presidenteak agerraldia egin dute. Haien esanetan, gobernu taldea "makillaje politikan" dabil, "argazkiak eta titular azkarrak" kudeatzen. Horren aurrean, "estrategikoak diren proiektuei" heltzeko beharra azpimarratu dute. 

Proiektu "estrategikoak"

"Estrategikoak" diren proiektuen artean "Urki-Hegoalde bidea amaitzea" proposatu du EAJk. Horrek "enplegua sortzeko gai diren enpresa garbiak" erakarriko lituzke herrira, "Eguzkitzaren garapen industriala" bultzatuko litzateke horrela, eta "kalitatezko enplegua" sortuko litzateke, jeltzaleen esanetan. "Lehentasunezko" beste plan batzuk merkatu plaza dinamizatzea edo Antso Estegiz kalea berrurbanizatzea direla gaineratu dute. 

Kritikak Pinondo Etxearen itxierari

Bestalde, EAJk orain arteko beste hainbat erabaki kritikatu ditu. Batetik, Pinondo Etxearen itxiera. Elkoroiriberen arabera, gobernu taldeak "sine die" (epemuga jakinik barik) zarratu zuen Pinondo Etxea, "irtenbiderik eman barik", eta "gobernu planaren barruan" horretarako "aurrekontu partida bat izanik". Kritikatu dituzten beste neurri batzuk aurrekontu parte hartzaileak dira. Jeltzaleen esanetan "irrigarria" da egitasmo horretara bideratutako diru kopurua: 100.000 euro. "Durangarrek aurrekontuaren %0,29ri buruz erabaki dezakete", kritikatu du Elkoroiribek. Horrez gainera, Tabirako aldagelen eraberritzea kritikatu dute. 

Izaskun Urienek adierazi du EAJk Durangorentzat "estrategikoak" diren "konponbideak" bultzatzen jarraituko duela. Elkoroiribek "Durango bultzatzeko" eta "eskualdeko buru" lez duen eginkizuna sendotzen jarraituko dutela gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!