Durangoko EAJk merkatu plaza dinamizatzeko proposamena helarazi dio gobernu taldeari

Ekaitz Herrera 2021ko api. 26a, 12:26

Merkatua dinamizatzeko ekintza sorta bat proposatzeaz gainera, eraikuntza multzoa eraberritzeko plana helarazi diote gobernu taldeari. Azken hau, "lehentasuna" da EAJren arabera. Bestalde, merkatarien kontsezioak urrian amaitzekoak direla-eta, horiek berraktibatzeko beharra azpimarratu dute.

Durangoko EAJk merkatua dinamizatzeko plana helarazi dio gobernu talderi. Jeltzaleek ohar batean jakinarazi dutenez, epe laburrera begirako eta epe ertain-luzera begirako ekintza sorta bat proposatu dute planaren barruan. Epe motzera begirako ekintzen artean, sasoiko produktuen ikastaroak, saskien zozketak, nutrizio-berbaldiak, eskualdeko produktuekin lotutako azoka tematikoak edo etxez etxeko banaketa zerbitzua eskaintzea proposatu dute. Horiek denak irudi berri batekin, dekorazio berri batekin, food truck batzuen laguntzarekin eta eskualdeko musikarien esku hartzeagaz egin daitekeela iradoki du EAJk.

Bestalde, epe ertain-luzerako ekintzen artean, merkatua modu integralean birgaitzeko proiektua kokatu du. Mireia Elkoroiribe bozeramailearen esanetan, "eraikuntza multzoaren eraberritze integrala planifikatu" behar da, "jarduera aniztasuna duen espazio bakar gisa, toki estrategiko batean kokatuta, herriaren erdigunean". Jeltzaleek topagune bat "itzularazi" gura dute Durangora eta Durangaldera, "bertako ekoizleek euren produktuak erakusteko aukera izan dezaten", eta "bisitariek hainbat jardueraz gozatu" dezaten.

Kontsezioak

Merkatuko saltzaileen kontsezioak urrian amaitzen direla eta, EAJk kontsezio prozesu hori martxan ipintzeko eskatu du, "oraindik ez direlako aspektu garrantzitsuak zehaztu, hala nola merkatuaren diseinua, erabilgarri dauden saltoki kopurua, tipologia eta abar". Bestalde, gogora ekarri du aurtengo udal aurrekontuetan "252.348 euroko diru partida sartzea lortu" zuela, merkatu plazaren esku hartzeari ekiteko. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!