Durangarrek zabalik dute aurrekontu parte hartzaileetan botoa emateko aukera

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 7a, 12:44

Durangarrek 18 proposamenen artean bozkatu beharko dute. Horien artean daude autokarabanentzako camper gune bat atontzea, Pinondon hobekuntzak egitea, Pump Track zirkuitu bat ipintzea edo herriko parkeetan frontoiak ipintzea. Proposamenok, 2022ko udal aurrekontuetan txertatuko dira 100.000 euroko mugagaz. Botoa emateko epea ekainaren 30ean iraungiko da.

Durangoko Udalak 2022ko aurrekontu parte hartzaileak bozkatzeko epea zabaldu du. 18 proposamen jaso ditu web orrian, eta herritarrak deitu ditu proposamenak baloratu eta botoa ematera. Bertan erabakitzen diren proposamenik arrakastatsuenek 2022ko udal aurrekontuetan ikusiko dute argia, bertan txertatuko dituzte-eta. Proiektuak egin ahal izateko diru poltsa 100.000 eurokoa izango da.

Botoa Durangon erregistratutako elkarteek eta udalerrian erroldatutako 14 urtetik gorako biztanleek eman ahalko dute. Botoa norbere gailu digitaletatik edo udalak atondutako ordenagailuetatik eman ahalko da. Izan ere, udalak ordenagailu bana ipini du herritarren zerbitzura, Landako II kiroldegian, Bizenta Mogel bibliotekan edo Herritarrentzako Arreta Zentroan. Herritar bakoitzak interesekoak zaizkion hiru proposamen bozkatu ahalko ditu gehienez. Proposamenak 3, 2, edo puntu bakarrarekin bozkatu ahalko dira.

Honako ideia hauek jaso dituzte besteak beste:

  1. Durangoko bidegorriak egokitzea (Aurrekontua: 100.000 euro)
  2. Alde Zaharreko eta inguruko kaleetako lurzorua irristakorra ez izateko sistemak aplikatzea (Aurrekontua: 100.000 euro)
  3. Parkeetan eta auzoetan horma bakarreko edo biko frontoi txikiak ipintzea. (50.000 euro)
  4. Pump Track zirkuitoa atontzea. (Aurrekontua: 100.000 euro)
  5. Eguzki energiako nodoak zein puntutan instalatu daitezkeen aztertzea. (Aurrekontua: 17.000 euro)
  6. Autokarabanek eta furgonetek gaua igaro ahal izateko camper gune bat instalatzea. (Aurrekontua: 75.000 euro)
  7. Estolderia-sisteman bi kutxatila jartzea, hondakinak eusteko lanak egiteko. (Aurrekontuak: 48.000 euro)
  8. Madalenako ermitari udal erabilera eman ahal izateko atonketa lanak egitea, adibidez, turismo bulegoa bertan ipintzeko. (Aurrekontua: 100.000 euro)
  9. Zuhaitzak landatzeko kanpaina berri bat egitea, bai parke publikoetan, bai udalaren lurretan. (Aurrekontua: 18.000 euro)
  10. Durango, Iurreta, Abadiño eta Izurtza udalerrien arteko joan-etorriak zein garraiobidetan egiten diren aztertzea, ondoren bizikletaren erabilera sustatzeko. (Aurrekontua: 18.000)
  11. Pinondoko parkea eta Santa Anako presa txukundu eta argiztatzea. (parkearen argiztapena hobetzea, zubiaren eta presaren azpialdea alboetatik argitzea, banku eta paler gehiago jartzea, presako izeiak garbitzea...) (Aurrekontua: 100.000 euro) 
  12. Ibilbide matematiko bat egitea Durangon zehar, bertako monumentuak edo leku zehatzak begi matematikoz ikusteko. (Aurrekontua: 20.000 euroa).
  13. San Rokeko parkingaren inguruko argiteria hobetzea. (Aurrekontua: 15.000 euro).
  14. Emakumezkoen futbola sustatzea: hitzarmenak klubekin, kirolaren sustapena… (Aurrekontua: 20.000 euro)
  15. Mikeldi kaleko argiztapena hobetzea. (Aurrekontua: 15.000 euro)
  16. Alde Zaharreko argiztapena hobetu eta farolak aldatu. (Aurrekontua: 100.000 euro)
  17. Alluitz kaleko 1-11 atarietako argiztapena aldatzea. (Aurrekontua: 45.000 euro)
  18. Durangoko musikari, musika talde, sortzaile, kultur talde eta eragileen datu basea sortzea. (Aurrekontua: 5.000 euro). 

Iker Urkiza eta Jorge Varela zinegotzien esanetan, aurrekontu parte hartzaileak "urrats garrantzitsua" dira, bizilagunei "hurrengo urterako inbertsio zati bat aukeratzeko" tarte bat eskaintzen dielako. "Gure kudeaketa eredua herritarrekin partekatu eta erabaki behar dela uste dugu, beste proiektu batzuekin egiten dugun bezala", adierazi dute zinegotzi biek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!