Mikel Lupiañez hiru taberna hauetako arduradunak dioenez, "egitasmoak oso harrera ona eduki du. Izan ere, itxiera sasoian zakarrontziak edalontziz gainezka ikusten genituen. Behin tabernak zabalduta, baina, kafea tabernan hartzea eskertu du jendeak", dio Lupiañezek.
Proiektua Donostian ipini zuten martxan, orain 8-9 aste. Ander Alvarez ekimenaren arduradunak emandako datuak argi uzten du posible dela tabernek sortutako hondakinak gutxitzea: proiektua martxan dagoenetik, Donostiako sei kafetegitan kartoizko 1.000 edalontzi aurreztu dituzte sei astean. "Ekintza txiki batek zein onura ekarri dezakeen ikusteak poz handia ematen du", esan du Alvarezek.
Batez ere, Gipuzkoan dabiltza horretan lanean. Donostian, Zarautzen, Zumaian, Orion... Zubietan ere eskatu dizkiete edalontzi berrerabilgarriak Realaren entrenamenduetarako. "Ahalik eta sarerik zabalena sortzea da asmoa. Horrela, kontsumitzaileak erraztasun handia izango du edalontzia sareko edozein tabernatan hartu zein itzultzeko".