Euskal Trenbide Sareak baimena eman dio udalari, Otamotzena aurrean dagoen trenbide zaharraren zati bat erabiltzeko. Udalak Errotaritxuenako txakurgunea lekualdatu gura du bertara, horregaz, "bizikidetza arazoak" konpontzeko. Bi instituzioen artekoari eskerrak, Durangoko herriak trenaren trazatua izandakoaren beste zati bat berreskuratuko du. Aurrez, TADU enpresaren pareko trazatuaren zati bat libratu zuten.
Libratutako zati berriak 800 metrok karratuko txakurgune berri bat atontzea ahalbidetuko du. Udalak helburu bikoitz bat lortu duela dio. "Alde batetik, parke horretan berrurbanizazio-lanak egiteko aukera ematen digu, ingurua hobetzeko, eta, bestetik, txakurgunea Errotaritxuenako barruko patiotik urruntzen dugu eta auzoan zeuden bizikidetza-arazoak saihesten ditugu", azaldu dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotzi arduradunek.