Durangoko Udalak eta Durango Eraikitzen enpresa publikoak Laubideta kaleko gizarte-larrialdiko pertsonentzako arretarako udal-bloke baten energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak amaitzen dihardute, prentsa oharrean azaldu dutenez. Udaleko arduradunak eraikina bisitatzera joan dira, eta bertan egungo energia-gastua gutxienez %60 murriztu gura dute. Lan horiek RenoZEB proiektuaren barruan sartzen dira. "Europako ikerketa-proiektu horren helburu nagusia energia-kontsumo nulua duten eraikinak birgaitzeko teknologiak garatzea da", azaldu dute udal ordezkariek.
Durangoko Udalak Europako programa honetan parte hartzen du Durango Eraikitzen enpresa publikoarekin batera. Aukeratutako eraikina udalaren jabetzako etxebizitza-bloke bat da, gizarte-larrialdian dauden pertsonei beste bizitoki bat emateko.
"Trantsizio ekologikoaren alde lanean jarraitu behar dugu, eta urrats horiek gizarteko hainbat sektoretatik etorri behar dute, norbanakoen konpromisotik hasita, eta, batez ere, kolektibotik. Horregatik, Durangoko Udaletik hainbat proiektu komunitario lantzen ari gara norabide horretan aurrera egiteko. Trantsizio energetikoa eta gizarte-laguntza batzen dituen Europako proiektu interesgarri honetaz gain, azken asteotan jakitera eman dugu auto elektrikoentzako karga-puntu publikoak jarriko ditugula eta eraikin publikoetan eguzki-plakak instalatzeko proiektuak egingo ditugula. Pixkanaka-pixkanaka, denok jarri behar dugu gure aletxoa, Durango ekologikoago eta iraunkorrago bat lortzeko bidean aurrera egiteko", azaldu dute udaleko iturriek.