Durangoko etxebizitza sozial batean energia kontsumoa gutxitzeko ikerketa europar bat hasiko dute

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 26a, 11:26

Durangoko Udalak lankidetza hasi du energia kontsumoa gutxitzeko RenoZEB proiektu europarragaz. Horretarako, Laubideta kaleko etxebizitza-bloke sozial bat ipiniko du ikerketaren erdigunean. Eraikina energiaz birgaituko dute, eta kontsumo maila egungoa baino %60 baxuagoa den maila batera zelan eraman daitekeen ikertuko dute.

Nola birgaitu etxebizitza bat teknologikoki, energia-kontsumoa nulua izan dadin? Bada, galdera horri erantzungo dion elkarlana hasi du Durangoko Udalak, Europako ikerketa-proiektu batekin. Horretarako, Laubideta kalean dagoen etxebizitza-bloke sozial bat Europako RenoZEB proiektuaren zerbitzura ipiniko du, bertan, ikerketa egiteko beharrezkoak diren prototipoak instalatu ditzaten. Besteak beste, eraikineko fatxadan egingo dituzte instalazioak. Eguzki-instalazio termikoak, eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta beroa berreskuratzeko aireztapen mekanikoa ezarriko dituzte. Instalazioak maiatzerako amaituta egotea aurreikusi du udalak. Ikerketak, berriz, 48 hilabeteko iraupena izango du.

Lanek 366.361,21 euroko aurrekontua izango dute, eta horietatik 310.159,49 euro Europatik jasotako laguntzekin finantzatuko dute.

Eraikin soziala

Udal ordezkarien arabera, trantsizio energetikoaren norabidean egiten den pauso bat da honakoa, eta  bide horretan "sakonduko" dutela aurreratu dute Julian Rios eta Garazi Errasti udal zinegotziek. Kontuan hartzeko beste ikuspegi bat, ikuspegi soziala da. Eraikina 1965ekoa da. Eta gaur egun gizarte bazterkeria jasaten duten herritarren erabilerara dago zuzenduta. Zentzu horretan, proiektuak bertako bizilagunen egoera hobetzen lagundu dezakeela azaldu dute zinegotziek. "Durango berdeagoa eta sozialagoa" eraikitzeko bidean, "norabide guztietan" lan egingo dutela adierazi dute Riosek eta Errastik.

Durangoko Udalak eraikinaren inguruko zehaztasunak eman ditu. Eraikina oinplano angeluzuzenekoa da.  Lau solairu ditu guztira. Erabilera komuneko beheko solairu bat, eta bizileku modura erabiltzeko beste hiru. Gaur egun, zazpi etxebizitza daude bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!