Gorka Palacios preso durangarraren alabari bisitak kendu dizkiotela salatu du Durangoko Sarek

Anboto 2021ko mai. 11a, 14:15
'Izan Bidean' dinamikaren barruan joan zen asteburuan ateratako argazki bat.

"Gorkaren alabari geratzen zitzaizkion azken bisitak kendu dizkiote, pandemia aitzaki. Gainera, oraindik aitarekin aurrez-aurre egoteko aukera barik jarraitzen du", azaldu dute Durangoko Saretik. 

Gorka Palacios Aldai Estremeran preso dagoen durangarra da. Urte luzez Frantziako kartzeletan espetxealdia bukatu ondoren, Espainian ere beste horrenbeste kartzela ezagutu ditu. Guztiak daude etxetik ehundaka kilometrora. Azken urteak Murtzia IIn egin ditu (800km) preso, eta duela aste batzuk Estremerara (480km) lekualdatu zuten.

Gorkak 11 urteko alaba bat dauka. "Azken urte hau bereziki gogorra ari da izaten, zenbait arrazoi direla medio. Batez ere, bisiten gaiari dagokionean", Durangoko Sarek ohar batean salatu duenez. "Adin honetako haurrei 'elkarbizitza' bisitak izateko eskubidea kentzen diete. 11 urte beteta, haurtzaroan zehar izandako beharrizanak desagertzen direnaren aitzakiapean hartutako neurria da. Hau da, beraien esanetan, adin honetatik aurrera, gurasoekin egoteko beharrizana desagertu egiten da, besteak beste", azaldu dute.

Bisitok, hiruzpalau ordutakoak izaten dira; iraupena eta maiztasuna kartzelaren araberakoa da. "Gorkaren alabari geratzen zitzaizkion azken bisitak kendu dizkiote, pandemia aitzaki. Gainera, oraindik aitarekin aurrez-aurre egoteko aukera barik jarraitzen du".

Gorkaren kasuan, Murtzian preso egonda galdutako aurrez-aurrekoak "errekuperatzeko aukera" eman zieten espetxetik. "Hala ere, espetxe-aldaketa eta berrogeialdiegatik aukera hau galdu dute berriz ere. Orain Estremeran dagoenez, galdutakoak errekuperatuko ez dituztela adierazi diete Gorka eta bere senideei espetxeko zuzendaritzak", Sarek informatu duenez.

Durangoko Saretik erabakia salatu dute. "Jakin badakigulako nerabezaroa etapa konplexua dela pertsona baten bizitzan, eta haurtzaroan bezala, helduengandik babestuak izateko eskubidea eta beharra daukate nerabeek". Erabakia "ulertezina" iruditzen zaie eta Motxiladun Umeak gurasoengandik gertu egoteko bermea "exijitu" dute, "haurren ongizatea baita helburu nagusia".

Ildo horretatik, laster Aitatxorengana eta buelta izeneko kanpaina abiatuko dute aurreratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!