Durangoko Udalak dio Jaurlaritzak oraindik ez dituela Tecnaliak atzemandako bentzeno-iturriak ikertu

Anboto 2021ko mai. 7a, 17:00

Durangaldeko airearen kutsadura hobetzeko "baliabide gehiago" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari.

Durangoko Udaleko, Iurretako Udaleko eta Mankomunitateko agintariak Ingurumen Sailagaz batu ziren atzo. Durangoko Udalak bilera hartan landutako gai batzuk jakinarazi ditu. Dioenez, Ingurumen Sailak Tecnaliaren azterketa baino lehenagoko bentzeno-mailak izan zituen berbagai, baina ez Tecnaliaren azterketakoak. Hori dela eta, Jaurlaritzari egotzi dio Tecnaliaren txostena "hilabetez mahai gainean" eduki arren, bentzeno-pikoen jatorria "oraindik" ez ikertzea.  Edozelan ere, "Durangoko Udalak emisio-foku hori identifikatzeko eta ezabatzeko behar den udal-lankidetza" eskaini du. "Durangorekin hartu genuen konpromisoa da, beraz, administrazio eskudunekin lanean jarraituko dugu", adierazi dute Jorge Varela eta Aritz Bravo zinegotziek.

Bestalde, Durangaldeko Udalak tresna gehiago eskatu ditu. Bere iritziz, "Eusko Jaurlaritzak baliabide gehiago jarri behar ditu osasun publikoko arazoei irtenbidea emateko". Protokolo batzuk diseinatzearen beharra ere gaineratu du eta azken asteotan gertaturikoak ipini dituzte adibide modura: Saharako fronte batek partikula kutsatzaile andana ekarri zuela-eta, udalek gisa horretako jakinarazpenak egin ahal izateko protokoloak behar dituztela diote. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!